Aizarnazabalgo pilotalekua zirko bihurtu da ordubetez; izan ere, Zirkun Zirko eskolako umeek ikasturtean zehar ikasitakoa jendaurreratu dute gaur goizean han. 100 haur inguruk askotariko akrobaziak eta malabareak egin dituzte ikuskizunean zehar, eta musikaz, berriz, Rockalean taldea arduratu da.
10:45erako ilara luzeak sortu dira frontoiaren kanpoaldean, eta antolatzaileek sartzeko baimena eman bezain laster hasi dira betetzen eserlekuak. Akrobata txikien senideek ez dute hitzordua galdu nahi izan, baina beraiez gain, herriko haur zein heldu mordoak ikusi nahi izan dute emanaldia.