Giro bikaina izan da XI. Jan Sano eta Bizi Pozik azokan

Intza Trula 2024ko eka. 1a, 14:15

Lehen sektoreko bertako ekoizleen zein artisauen 30 postu inguruk hartu dute Aizarnazabalgo plaza gaur goizean. Erosketetarako tartea ez ezik, jan-edanerako eta jolaserako denbora ere izan dute azokan izan direnek.

Aparteko giroa nagusitu gaur goizean Aizarnazabalgo XI. Jan Sano eta Bizi Pozik azokan. Urtero legez, bertako zein inguruko herrietako jende andana bildu da plazan, erosketak egin eta giroaz gozatzeko. Hain justu, lehen sektoreko bertako ekoizleen zein artisauen 30 postu inguruk jarri dute mahaia 10:00etatik 14:00etara bitartean, eta horrez gainera, pintxoak eta sagardoa txotxetik dastatzeko aukera ere izan da.

Hala, barazkiak, fruta, haragia, eztia, kontserbak, garagardoa, ukenduak eta beste hainbat produktu eskuratu ahal izan dituzte euskal produktuez osatutako mahaietan. Bestetik, eskulangileen produktuez jositako mahaiak ere baziren: esaterako, alpargatak, eskuz egindako poltsak, mineralak, jostailuak eta bitxiak erosi ahal izan dira postu horietan. 

Postuetan ibiltzeko aukeraz aparte, eguerdi partean Bustietako (Astigarraga, Gipuzkoa) Irrintzi astoaren eta Xanartako (Zumaia) Etoo zaldiaren arteko erakustaldia izan da plazan. Herritar asko gerturatu dira erakustaldia bertatik bertara ikustera. 

Umeek, berriz, ponietan ibiltzeko eta kamistetak margotzeko aukera izan dute, eskolaren aurrean jarritako txokoan.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide