Balkoirik balkoi bertsoak kantatuz murgildu dira samieletan aizarnazabaldarrak

Ihintza Elustondo 2023ko irailaren 28a

Samiel jaien hasierako txupinazoa bota dute gaur Aizarnazabalen, 19:00etan. Aurtengoan, herriko merkatariek eta ostalariek izan dute suziria botatzeko ohorea, udalaren arabera, haiek gabe Aizarnazabal "herri hila" izango litzatekeelako. Herriko gaztetxoak ez ezik, merkatariak eta ostalariak ere bertso kantuan aritu dira.

Txupinazoa botata, Samiel jaietan murgildu da Aizarnazabal. Aurtengoan, herriko merkatariek eta ostalariek izan dute suziria botatzeko ohorea, udalaren arabera, haiek gabe Aizarnazabal "herri hila" izango litzatekeelako. 19:00etan, udaletxeko balkoitik bota dute txupinazoa, eta horren aurretik, herriko gaztetxoak balkoirik balkoi bertso kantari aritu dira, festei umore kutsua emateko. Ondoren, Mari Karmen Arregi alkateak hartu du hitza; festak antolatzen lagundu dutenei eskerrak eman dizkie, falta direnak gogoan izan ditu eta herritarrei ondo pasatzeko mezua helarazi die. "Eman dezagun geure onena, ingurugoekin eta ingurukoengatik, betiere errespetuz, berdintasunean, eta inolako indarkeririk gabe", esan du.

Ondoren, lekukoa pasatu die gaurko protagonistei. Hain zuzen ere, Mari Jose Salaberria Mauxe dendaren arduradunak hitz egin du herriko merkatarien eta ostalarien izenean. Hark nabarmendu du aurten utziko diola dendaren ardura izaterai, eta eskerrak eman dizkie urteotan ondoan izan dituenei. "Aupa San Migel!", esanez amaitu du hitzartzea.

Eta ekitaldia hasi duten moduan, bertso kantuan, amaitu dute gaurko saioa. Honako bertso hauek abestu dituzte ostalariek eta merkatariek udaletxeko balkoitik:

Aurtengoan gure esku
lehendabiziko sakea,
pozik usainduko degu
itxaferoaren kea
Zuentzat beti mantenduko da
zabalik gure atea,
eskertzen dugu gaurkoan bueltak
guretzako izatea.

Lehen Jexuxan 'Xotei' zana
gaur Mauxe Marijosena,
Aterpe zana Troxka ta
Uztarrik bide luzena.
Botika eta okindegia
ere errekan barrena.
Joan diren ta gaudenontzako
gure gaurko aipamena.

Komertzio txikiontzat
herritarra da arnasa,
eguneroko ohituren
etengabeko konpasa.
Nahiz ta tarteka marmarka ere
jardun geran gure kasa,
zaindu zaitezte guztiok eta
samielak ondo pasa!

Erlazionatuak

Herriko txinparta, jaietako sua

Mailo Oiarzabal 2023 ira 28 Aizarnazabal

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide