Betiko saltokiak eta ostatuak galtzen ari direla-eta lantu ugari iristen ari da aspalditxoan hirietatik eta herri handietatik. Merkataritza eta ostalaritza kaleak eta tokian tokiko nortasuna bizi mantentzeko gakoak direla esaten da behin eta berriz, eta egiatik asko du baieztapen horrek. Galerak galera eta okerrerako aldaketak gorabehera, hirietan eta herri handietan ostalaritza eta merkataritza zerbitzurik gabe geldituko diren eguna urrun ikusten da momentuz.
Bestelakoak izan ohi dira kontuak herri txikietan. Dauzkaten denda eta taberna apurrak edo bakarrak galtzen dituztenean, hori eta askoz gehiago galtzeko arriskua gainera etortzen zaie, eta galera berreskuratzea zaila izaten da sarritan.
Aizarnazabalen, gaur egun, bost saltoki dituzte herrigunean: estankoa ere baden Mauxe janari denda, Erauskin Altuna farmazia, Erreka kafetegia eta bi taberna, Troxka eta Uztarri. 800 biztanlera iristen ez den herria bizi mantentzen laguntzen eta herritarrei zerbitzua ematen dieten bost negozio, alegia. Gaur hasiko dira samielak, eta aipatutako gehienek urteko egun lanpetuenetakoak izango dituzte gaurtik astelehenera bitartekoak. Data berezi hauek are bereziago izango dira, gainera, aurten, Aizarnazabalgo ostalari eta merkatarientzat. Izan ere, bost saltokietakoak igoko dira gaur arratsaldean udaletxeko balkoira, jaien hasierako suziria pizteko. Herriaren txinparta bizirik mantentzen laguntzen duten horiek piztuko dute jaietako sua.
Aldaketetara moldatzen
Joseba Alzuri (Donostia, 1971) eta Mari Jose Salaberria (Aizarnazabal, 1962) dira gaur txupinazoa botako dutenetako bi. Alzurik 27 urte daramatza lehen jatetxe ere bazen eta orain taberna den Uztarrin, eta landetxe bat ere badu, Aizarnazabalen bertan. Salaberriak, berriz, hamasei urte daramatza Mauxe dendan; aurretik, besteak beste, jubilatuen tabernaren ardura ere izan zuen.
Txupinazoa botatzeko aukeratuak izatea gustura hartu dute, gonbidapen "polita" dela deritzo Salaberriak; "merkataritzaren urtea edo" ote zen pentsatu zuela kontatu du, hango denda bakarraz arduratzen den bere amaginarrebakideak bota baitu Berrobin (Gipuzkoa) jaietako txupinazoa. "Kasualitate" hutsa izan da, ordea; eta bera zinegotzi ere baden arren, erabakiarekin "zerikusirik ez" duela izan zehaztu du Alzurik.
"Ohiturak aldatu" egin direla diote biek. Bizimodua eta jendearen joerak aldatu dira, eta tabernen eta denden jarduera ere bai; "baina ez hemen bakarrik, toki denetako kontua da", dio Alzurik. Batak bestea ekarri duela uste du Uztarrikoak, bezeroen ohituretara saltokiek moldatu behar izan dutela, alegia: "Gaur egun, jende heldua ez da lehen bezala tabernara etortzen, ez dute joerarik. Gazteak bai, horiek mantentzen dute mugimendua". Salaberriak, berriz, ez dauka garbi saltokiak "goizago ixten diren jendea joaten ez delako, ala jendea ez den ibiltzen, dena itxita egoten delako". Pandemiak nabarmen erasan ziola dio Mauxekoak. "Azkar ahaztu dugula dirudi, baina oso gogorra izan zen hura". Harrezkero, arratsaldeetan ez du irekitzen denda. Urte bukaeran, gainera, erretiroa hartuko du, eta momentuz, ez du erreleborik Salaberriak.
Festak lanean pasatuko dituzte biek, ospatzeko tartetxoren bat hartzen saiatuko diren arren. Bera Aizarnazabalera iritsi zenetik hona samielak ere "asko aldatu" direla dio Alzurik, eta San Migel egunak "asko galdu" duela iritzi dio. "Orain, asteburuan izaten da dena". Aldaketak aldaketa, eta herri txikien gorabeherak gorabehera, Aizarnazabal herri bizia dela uste dute aurtengo txupineroek, eta horri eusten ahalegindu nahi dute.
Samielak 2023: egitaraua
Hau da gaurtik igandera Aizarnazabalen aletuko duten samieletako egitaraua:
Gaur, osteguna, irailak 28. Umeen Eguna
- 10:30-13:00 eta 15:00-17:00. Puzgarriak eta umeen jolasak. Arratsaldean, jarraian, txokolatada.
- 19:00. Txupinazoa, eta jarraian, musika, Jose Mendizabalekin.
Bihar, ostirala, irailak 29. San Migel eguna
- 10:00. Diana, Alaitsu musika eta dantza eskolarekin.
- 11:30. Meza.
- Ondoren, 37. Sagardo Lehiaketa eta Bolo Txapelketa.
- 17:00. Bingo musikatua, herriko plazan.
- 18:30. Hika antzerki taldearen eskutik, Gazte antzezlana, herriko plazan.
- 21:00. Herri afaria, herriko plazan, Andoni Olloklegirekin (eguraldi txarra balitz, eskola azpian).
- 23:00. Dantzaldia, Fun&Go taldearen eskutik.
Etzi, larunbata, irailak 30
- 16:00. XVII. Mus eta Eskoba txapelketak, eskola azpian.
- 16:30. Altxorraren bila, patata tortilla lehiaketarekin.
- Jarraian, Elektrotxorongo elektrotxaranga, herrian zehar.
- 22:30. Kontzertuak: Sarean, Los Zopilotes Txirriaos eta J Martina.
Igandea, urriak 1
- 11:00. XIII. Joxe Larrarte Memoriala. Eskuz binaka lau eta erdian:
- Emakumeak: Arrieta-Agirre / Iturriaga-Orbegozo.
- Gizonak: Olaizola-Olaiz / Sasiain-Alonso.
- 18:00. Herri kirolak:
- Aizkolariak: Xabier Zaldua-Andoni Iruretagoiena Izeta VI.a / Ugaitz Mugertza-Xabat Olaizola.
- Pentatloia: Jon Zaldua-Jakes Iruretagoiena Izeta V.a.
- Harri jasotzaileak: Lierni Osa, Ainitze Zumeta, Mikel Lopetegi Urra, Pablo Azpiazu, Unax Iruretagoiena Izeta.
- 19:00. Mariachi Los Cazahuates-en emanaldia.
- Jaiak bukatzeko, traka.