Udalbatza berria osatzeko osoko bilkura egin dute 11:00etan Aizarnazabalgo udaletxean, eta gauza jakina zen Mari Karmen Arregi egungo alkateak berrartuko zuela kargua gaurkoan. Izan ere, EH Bilduk gehiengo osoarekin irabazi zituen maiatzaren 28ko udal hauteskundeak herri horretan. Horrenbestez, aurreko agintaldiko zinegotzi kopuruari heldu dio koalizioak –sei lortu zituen–, eta EAJk, berriz, eserleku bat eskuratu zuen. Gaur egin dute alkate berria izendatzeko udalbatzarra, eta EH Bilduren aldeko sei botoekin, Arregi izendatu dute alkate. Itziar Aizpurua EAJren zerrendaburua, bestalde, abstenitu egin da.
Pozarren hartu du berriro ere kargua Arregik. Guztira, zortzi urte daramatza alkatetzan, eta aurrez, beste lau urtez izan zen zinegotzi; beraz, eskarmentua du udalean alkateak. Herritarren babesa eskertu du Arregik kargu hartze ekitaldian egindako hitzartzean: "Eskerrik asko herritar guztiei, gugan konfiantza izateagatik. Aurreko agintaldian aritu zareten zinegotzi guztiei ere eskerrak eman nahi dizkizuet, lanean fin jardun zaretelako. Langileei ere bai, izan ere, zuen lana da, baina askotan lanetik kanpora gauza asko egin behar izaten dituzue eta beti oso borondate ona azaldu duzue, eta hori udal baten funtzionamendurako oso garrantzitsua da. Eta zuei, orain kargua hartu duzuen horiei, lanerako gonbidapena egiten dizuet". Alkateak gogorarazi du datorren asteazkenean egingo dutela 2023-2027 agintaldiko lehen udalbatzarra. "Ekin lanari", esanez amaitu du hitzartzea.
Sorpresarako tarterik ere izan da gaurko kargu hartze ekitaldian. Izan ere, udalbatzarra amaitzean, azken agintaldiko zinegotziek prestatuta eta herritarren babesean, omenaldi hunkigarria egin diote Arregiri. Herritar ugari sartu dira udaletxera, eta lehenik eta behin, etxekoek lorez egindako koroa bat oparitu diote Arregiri. Ondoren, alkatetzan zortzi urte daramatzan arren, orain arte sekula eman ez dieten aginte makina eman diote, eta hunkituta jaso du hark oparia: "Ez dakit nola heldu behar diodan ere", esan du. Omenaldiarekin amaitzeko, pare bat bertso abestu dizkiote alkateari, eta ondoren, guztiek elkarrekin argazkia atera dute udaletxearen kanpo aldean. Oso hunkituta agertu da Arregi, eta esker oneko hitzak baino ez ditu izan bertaratu diren guztientzat.
Honako hauek dira abestu dizkioten bertsoak:
Hirugarren aldia
onenaren bila
konpromiso handia
jarrera umila
lehenengoz jaso duzu
aginte makila
biderako laguntza
bihurtu dadila
Makila izan dadin
bideko laguntza
pauso denak zuzentzen
laguntzen diguna
gaurkoa da horretan
hasteko eguna
eta herritar denok
desio deguna.