Gipuzkoako erlojupeko txirrindulari txapeldunak izendatu dituzte Aizarnazabalen

Andoni Elduaien 2023ko ekainaren 14a

Aizarnazabalen jokatu dituzte aurten ere txirrindularien Gipuzkoako Erlojupeko Txapelketak. Gizon-emakumeen elite mailako, 23 urtez azpiko eta junior mailako txapelketak jokatu zituzten han, baita egokitutako txirrindularitzako lehia ere.

Joxe Larrarteren eta Gervaisen omenezko txirrindulari lasterketak jokatu zituzten atzo, asteartea, Aizarnazabalen eta haren inguruko bazterretan. Beste urte batez, txirrindularitzako Gipuzkoako Erlojupeko Txapelketak hartu zituzten Aizarnazabalen, eta guztira, bost mailatako txapelak banatu zituzten.

Joxe Larrarteren omenezko gizonen junior mailako proba izan zen lehen lasterketa, eta Elgoibarko Lagun Artea taldeko Eneko Ortegak irabazi zuen. Hogei kirolari aritu ziren mailan horretan, eta Aizarnazabal-Muniosoro-Bedua-Zumaia (saihesbideko biribilgunea)-Muniosoro-Aizarnazabal 14,5 kilometroko ibilbidea osatu behar izan zuten.

Ibilbide berean jokatu zituzten egokitutako txirrindularitzako eta emakumeen txapelketak ere. Egokitutako txirrindularitzako proba iaz jokatu zuten lehen aldiz, eta atzo, bost kirolarik parte hartu zuten; Tolosa taldeko Ander Albizu izan zen azkarrena, 20.42,93 denbora eginda. Emakumeen txapelketan, bestalde, 22 txirrindulari lehiatu ziren, hiru kategoriatan banatuta: hamar lehiatu ziren junior mailan, eta seina 23 urtez azpikoenean eta elite mailan. Team Zatika Bike Woman taldea nabarmendu zen hiru lasterketetan. Intza Navarro (23.27,86) nagusitu zen junior mailan, Xubane Garai (22.31,99) 23 urtez azpikoetan eta Olatz Marquet elite mailan (22.20,38).

Eguneko azken lasterketa Gervaisen oroimenezkoa izan zen, eta 23 urtez azpiko nahiz elite mailako gizonek jokatu zuten proba. 11 kirolari aritu ziren, 23 urtez azpikoak gehienak (bederatzi), eta guztietan onena 3 urtez azpiko Laboral Kutxa Euskadi Fundazioko Aitor Agirre izan zen (26.29,81). Elite mailan, Grupo Intxausti taldeko Gonzalo Fuentes izan zen azkarrena (29.00,60). Aizarnazabal-Iraeta-Aizarnazabal-Muniosoro-Bedua-Zumaia (saihesbideko biribilgunea)-Muniosoro-Aizarnazabal 21 kilometroko ibilbidea osatu behar izan zuten horiek.

(Argazkiak: Andoni Elduaien eta Aizarnazabalgo Udala)

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide