2023ko udal eta foru hauteskundeak

EH Bilduk gehiengo osoz irabazi ditu bozak Aizarnazabalen

Julene Frantzesena 2023ko mai. 28a, 20:56

Aizarnazabalgo EH Bilduko hautetsiak gaur goizean. (Maialen Etxaniz)

Aurreko agintaldiko zinegotzi kopuruari heldu dio koalizioak –sei lortu ditu–, eta beraz, Mari Karmen Arregi izango da alkatea datorren agintaldian. EAJk, berriz, eserleku bat lortu du. 2019ko datuekin alderatuta, parte hartzea 7,44 puntu jaitsi da. Mari Karmen Arregi "oso pozik" agertu da emaitzekin, eta "eskerrak" eman dizkie beregan konfiantza jarri duten herritar guztiei. "Orain lanean jarraitu beharko dugu", adierazi du. 

EH Bilduk gehiengo osoarekin irabazi ditu udal hauteskundeak Aizarnzabalen. Aurreko agintaldiko zinegotzi kopuruari heldu dio koalizioak –sei lortu ditu–, eta beraz, Mari Karmen Arregi izango da alkatea 2023-2027 agintaldian. EAJk, berriz, eserleku bat lortu du Aizarnazabalgo Udalean, aurreko agintaldian bezalatsu.

Mari Karmen Arregi "oso pozik" agertu da emaitzekin, eta "eskerrak" eman dizkie beregan konfiantza jarri duten herritar guztiei. Abstentzioak gora egin du, baina Arregik azaldu du "joera orokortua" dela eta "espero" zutela. Hala ere, "lortutakoarekin pozik" agertu da Aizarnazabalgo alkatea, eta lanerako prest agertu da: "Orain lanean jarraitzea dagokigu". 

Boza ematera deituta zeuden herritarren %67 joan da gaur hauteslekuetara, hau da, orotara, 384 aizarnazabaldarrek eman dute botoa. Duela lau urteko datuekin alderatuta, %7,44 jaitsi da parte hartze datua. EH Bilduk botoen %79,41 jaso ditu –301 boto–, eta EAJk, berriz, botoen %13,98 –53 boz–. Horiez gain, hamazazpi boto zuri eta bost baliogabe zenbatu dituzte han.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide