Tasak eta zergak izoztea erabaki du Aizarnazabalgo Udalak

Mailo Oiarzabal 2021eko urriaren 29a

Jarduera ekonomikoaren zergan, ingurumenaren kontserbazioari eta enplegu sorrerari dagozkien hobariak hobetu ditu erakundeak, eta hobari berri bat gehitu du: familia ugariek %20ko deskontua izango dute udalekuetan.

Aizarnazabalgo udal zergak eta tasak bere horretan mantenduko dira 2022an. Urriko udalbatzarrean, joan den astean, onartu zuen udalak indarrean dauden zergen eta tasen Ordenantza Fiskalen aldaketari hasierako onespena ematea.

Zerga eta tasa horiek izoztea izan da Aizarnazabalgo Udalaren erabakia. Horrenbestez, datorren urte hasieratik indarrean izango diren udal zerbak eta tasak 2021eko berberak izango dira.

Hobari gehiago

Ordenantza Fiskalen barruan aplikatzen dituen hobarietan onartu ditu Aizarnazabalgo Udalak aurtengo zergekiko aldaketa bakarrak, eta hobari batzuk areagotzeko egin dituzte aldaketak.

Jarduera ekonomikoen zergari lotutako hobarietan, ingurumenaren kontserbazioari eta enplegu sorrerari dagozkien hobariak hobetu egin ditu erakundeak; orain arte %10eko hobaria aplikatu izan dute bi kontzeptu horietan, eta 2022an %20koa izango da hobari hori. Jarduera ekonomikoen sailean ezarrita dituzten beste bi hobariak (%25ekoa kooperatibentzat eta %10ekoa galerak izan dituzten enpresentzat) bere horretan mantenduko dituzte.

Gainera, hobari berri bat onartu dute 2022ko Ordenantza Fiskalen barruan. Horrela, familia ugariek %20ko deskontua izango dute herrian antolatzen dituzten udalekuetan.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide