Ertzaintzak Aizarnazabalgo Zubialde auzoan gertatutako ezbeharra ikertzen jarraitzen du. Astelehenean, hilak 4, Urola ibaiaren ondoan agertutako gorpua 32 urteko emakume donostiar batena zela baieztatu zuen atzo Segurtasun Sailak, baina oraindik ez dute autopsiaren emaitzen berririk eman; halere, hainbat iturrik adierazi dute gorpuak hainbat labankada zituela. Hipotesi guztiek "zabalik" jarraitzen dutela nabarmendu du erakundeak, eta oraindik ez dute gertakariarekin lotutako inor atxilotu.
Rodrigo Gartzia Ertzaintzako zuzendariak Radio Euskadin adierazi zuen helburu nagusia dela biktima azken egunetan non eta norekin egon zen ikertzea —urtarrilaren 1ean erregistratu zuen Ertzaintzak emakumearen desagerpena—. Aizarnazabalgo landetxe batean hartu zuen ostatu biktimak abenduaren 31n, eta handik gertu aurkitu zuten hilotza basolangile batzuek, lau egun geroago, sasi batzuen artean. Landetxe horretan bertan, gainera, Ertzaintzak hainbat pertsona identifikatu zituen Urtezahar gauean legez kanpoko festa bat antolatzeagatik —eskualdeko zenbait lagun zeuden bertan—, eta Ertzaintza ikertzen ari da ea hilketak festa horrekin lotura izan dezakeen ala ez; gaur-gaurkoz, ez dute ezer baieztatu.
Elkartasuna familiari
Aizarnazabalgo Udalak elkartasuna adierazi die hildakoaren familiari zein gertukoei. Mari Karmen Arregi alkateak azaldu duenez, udalak "baliabide guztiak" jarri ditu Ertzaintzaren esku hilketaren nondik norakoak "ahalik eta lasterren" argitu daitezen.