Aizarnazabalgo Udalak 1.377.025 euroko aurrekontua onartu du 2019rako. 2018koarekin alderatuta, %5 igo dute aurrekontua. "Foru Fondoaren igoerak eta dirulaguntza gehiago jasotzeko esperantzak" bultzatuta areagotu dute kopurua, Mari Carmen Arregi alkatearen esanetan; "aurrekontu errealista eta arrazoizkoa dela esan dezakegu", gaineratu du Arregik.
2019koak egungo agintaldiaren azken aurrekontuak direla gogora ekarrita, "agintaldi hasieran abiatutako hainbat proiektu estrategiko ixteko edo borobiltzeko balioko" dutela azaldu du alkateak, "baina baita udalak dituen lerro estrategikoekin jarraitzeko ere". Amaitzear den agintaldian udalak zuen zorra ordaintzen joan direla eta "gehiago zorpetzea saihestu" dutela dio. "Esan dezakegu udalaren egoera ekonomiko-finantzarioa ona dela eta hurrengo agintaldiko gobernu taldeak bere lana egiteko eskuak libre izango dituela".
Egitasmoak
200.000 euroko diru poltsa bideratuko du udalak inbertsioetarako 2019an. Sailez sail, hauek dira hasi berri den urterako dituen asmo nagusiak:
Ongizatea: Ongizate helburuei "lehentasuna ematen jarraituko" du udalak aurten. Programa batzuk indartu dituzte, "gizarte larrialdian dauden familiei zuzendutakoak, gehien bat".
Enplegua: Bi langile kontratatuko dituzte aldi baterako, eskualdean enplegua sustatzeko programaren bidez.
Hirigintza Plana: Hirigintza Plan Orokorra egiten ari da Aizarnazabalgo Udala. Dokumentuaren tramitazioa "azken txanpara heldu" da, 2019an bukatzea nahi dute, "eta horretan jarriko ditu ahalegin guztiak udalak".
Euskara: Euskara ikasteko klaseak antolatu dituzte 2018-2019 ikasturterako; 11 ikaslek eman dute izena eta AEK ari da eskolak ematen. Euskararen Plan Estrategikoa ere onartu du Udalak, Uemaren laguntzarekin, eta izena eman du Bikain ziurtagiria lortzeko.
Berdintasuna: "Berdintasuna lortzeko ahaleginak indartu" egingo ditu udalak, arriskuan dauden emakumeei laguntzeko programaren bidez, "premia ikusten bada".
Ingurumena: Herri osoan LED argiteria jartzen joan da udala azken urteetan. Horri jarraituta, kaleko argiteria guztia eta Atari Soro pilotalekua LEDera aldatzea da udalaren 2019rako "erronka".
Gazteria eta Hezkuntza: Gazteria zinegotziekin 2018an abiatutako bidetik jarraitu nahi dute 2019an, egitasmoak antolatuz eta eskainiz, hainbat ekintza burutu dira herrian, 2019 urtean ere horrela jarraitzea nahi da.
Hezkuntzan, eskolarekin batera, hainbat guraso eskola eta hitzaldi eman dituzte eta ildo bera jarraitu nahi dute aurrerantzean ere. "Haurren parte-hartze askea lortu nahi da, bazterkeriarik gabe".
Kultura: Jan Sano eta Bizi Pozik azokak antolatzea izan da, udalarentzat, agintaldiko proiektu aipagarriena. "Aurrerantzean ere bertako produktuen salmenta indartzea lortu nahi da kultur ekintza hauekin".
Segurtasuna: Zubialde auzoan, autobus geltokiaren inguruan zebra-bidea eta semaforoak jarri nahi dituzte.