Euskaraldia aurkezteko ekitaldia egingo dute bihar Aizarnazabalen

Urola Kostako Hitza 2018ko urriaren 18a

Eskualdeko beste hainbat herrietan bezala, Aizarnazabalen ere ari dira azaroaren 23tik abenduaren 3ra egingo duten Euskaraldia ariketa soziala prestatzen. Aizarnazabalgo Udalak eta herriko hainbat norbanakok hartu dute Euskaraldia herrian antolatzeko ardura, eta egitasmoa aurkezteko ekitaldia egingo dute bihar. Mari Karmen Arregi alkateak adierazi duenez, ekitaldi "xumea" izango da, eta herriko trikitilariekin egingo duten kalejirarekin emango diote hasiera. 19:00etan, berriz, zaharretxe aurrean elkartuko dira, eta han azalduko dituzte Euskaraldiaren nondik-norakoak. Eguraldi txarra eginez gero, udaletxe azpian bilduko dira. Egitasmoa gizarteratzeko eta herria girotzeko asmoz, berriz, hainbat saio antolatu dute azaroaren 9rako eta 16rako. Herritarrek Ahobizi eta Belarriprest rolak bereganatzen has daitezen, esaterako, hitzak eta esaera zaharrak oinarri hartuta jolasak egingo dituzte. Azaroaren 16an, berriz, helduentzako ipuin kontaketa izango da, eta hura amaitutakoan, solasaldia egingo dute guztiek. Bi saioak 19:00etatik 20:00etara artean egingo dituzte, eta 16 urtetik gorakoei zuzendutakoa izango da. Era berean, egun horietan mahaiak jarriko dituzte kalean, eta herritarrei Euskaraldia azalduko diete eta izena eman dutenei txapak banatuko dizkiete. Euskaraldia.eus atarian ez ezik, herriko hainbat lekutan ere eman dezakete izena herritarrek, hala nola Troxkan, Uztarrin, Mauxe saltokian eta okindegian. Taldeak jakinarazi duenez, dagoeneko 47 lagun batu dira egitasmora herrian.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide