2018rako aurrekontuak eta ordenantza fiskalak onartu ditu Aizarnazabalgo Udalak

Urola Kostako Hitza 2017ko urriaren 31

1.310.500 eurokoa izango da udal aurrekontua, aurtengoa baino 320.130 euro txikiagoa. %1 igoko dira zerga eta tasa gehienak, KPIa adina, baina etxebizitzetako zaborrarena ez dute igoko.

Zubialde auzoa, Aizarnazabalen. (Aizarnazabalgo Udala) Aizarnazabalgo Udalak prest ditu datorren urterako aurrekontua eta ordenantza fiskalak, biak ere aho batez onartuta. 2018an 1.310.500 eurokoa izango da udalaren aurrekontua, aurtengoa baino 320.130 euro txikiagoa. Gerrikoa estutuko du udalak, beraz, datorren urteari begira. Diru sarrera gutxiago izango dituztela aurreikusi dute udalean, eta bi arrazoi nagusi aipatu ditu Mari Karmen Arregi alkateak. "Iaz defizita izan genuen eta, hori dela eta, 2018-2021 eperako Plan Ekonomiko Finantzarioa egitera derrigortu gaituzte. Bestetik, ez dugu espero Foru Aldunditik orain arte adinako diru laguntzarik izatea". Arregiren esanetan, "herri txikietan antzematen" ari dira aldundiaren laguntzen murrizketa. "Ez dakigu zergatik izango den, baina guk behintzat nabarmendu dugu". Onartutako aurrekontuarekin, inbertsioei dagokienez hiru egitasmo nabarmendu ditu alkateak datorren urterako. Biidegorri sarea osatzeko eta hobetzeko lanak egingo dituzte; Etxabetik Zubialderako bidegorri zatia bukatzea izango da obra nagusia. Zubialdeko auzoan bertan, ur horniduraren azpiegiturak berritzeko lanak egingo dituzte; "horiekin, herri osoko ur sarea berrituta geldituko litzateke, eta lehentasuna eman nahi diegu", dio Arregik. Gainera, Zubialden jarraituta, oinezkoen segurtasuna bermatzeko neurriak jarri nahi dituzte. "Autobus geltokia bertan dago, oinezkoek errepide nagusia gurutzatu behar izaten dute eta ibilgailuak abiada handian ibiltzen dira. Beraz, semaforoak jarrita-edo, neurriak hartu nahi ditugu", azaldu du alkateak. Gainontzean, baserri bideen konponketekin ere jarraituko dute, besteak beste. "Daukagun aurrekontuarekin ezin dugu gauza handirik egin, baina saiatuko gara ahalik eta ondoen egiten". Zaborrak bere horretan, gainerakoak %1 gora 2018ko urtarrilaren 1etik aurrera %1 igoko dira Aizarnabalen udal tasa eta zerga gehienak. Izan ere, ordenantza fiskaletan KPIaren igoera ezartzea onartu dute, orokorrean. Bada, ordea, salbuespen bat, etxebizitzetako zaborren tasa ez baitute igoko. Merkataritza establezimenduei eta industria lantegiei, aldiz, ezarriko zaie igoera zabor bilketagatik, "zerbitzuaren gastuak eta sarrerak parekatuago izateko bidean". Ibilgailuen gaineko zergan, berriz, tarifak aldatu dituzte, inguruko herrietan ezartzen dituztenetara hurbiltzen joateko asmoarekin.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide