Artzain Txakur Lehiaketa iaz. (Nerea Uranga/Hitza)
Samielen atarian, Arraza Libreko IX. Artzain Txakur Lehiaketa jokatuko da larunbatean Aizarnazabalgo eskolaren atzeko zelaian, 11:00etan. Sei lagunek eta haien txakurrek hartuko dute parte Aizarnazabalgo Udalak eta Artxate elkarteak antolatutako lehian.
Honako hauek dira parte-hartzaileak: Jose Luis Saizar (Zarautz) eta Rex, Mikel Garaiar (Narrondo) eta Lucky, Inaxio Etxeberria (Azpeitia) eta Mix, Pello Segurola (Matxinbenta) eta Argi, Inaxio Irakulis (Etxano) eta Bat eta Manuel Gorriti (Aizarnazabal) eta Argi.
Bi ariketa egingo dituzte. Lehenik, artzainaren ondotik artaldera joango da txakurra, banderatxoz markatutako bidetik. Epaimahaiak hala aginduta, artzainak bi aldiz geldituko du txakurra bidean. Gero, artaldea artzainaren aurrera eraman beharko du txakurrak, eta ardiek borobilaren barruan gelditu beharko dute. Bukatzeko, zelaiaren alde bateko hesiaren tartetik pasatu beharko dute ardiek. Zazpi minutu izango dituzte proba egiteko.
Bigarren ariketan, txakurra saiatuko da artaldea hartu eta erdian dagoen eskortan sartzen. Ardi denak sartuz gero, atera egin beharko dute, eta txakurra geratuko da barruan. Sei minutu dituzte probarako.
Bittor Bengoetxea eta Mikel Aizpurua izango dira epaileak.