Manuel Gorriti: "Etorkizun handirik ez diot ikusten artzain txakurren lehiari"

Erabiltzailearen aurpegia Julene Frantzesena 2016ko ira. 15a, 09:50

Sei lagunek eta haien txakurrek hartuko dute parte Aizarnazabalgo Udalak eta Artxate elkarteak larunbaterako antolatutako lehian.

Manuel Gorriti aizarnazabaldarra lehian iaz. (Nerea Uranga/ HItza) Samielen atarian, Arraza Libreko IX. Artzain Txakur Lehiaketa jokatuko da larunbatean Aizarnazabalgo eskolaren atzeko zelaian, 11:00etan. Etxeko artzain batek hartuko du parte: Manuel Gorriti (Aizarnazabal, 1959). Iazko edizioa berak irabazi zuen. Zer helburu dituzu probarako? Lehenik, lehiaketa atera dadila ondo. Hortik aurrera, onenak irabaz dezala. Badira hiru edo lau bat txakur on, eta horietako edozeinek irabaz dezake; hori bai, batek akats txiki bat eginez gero, besteak irabaziko du. Zorteak ere laguntzen du, eta, ahal bada, irabaztera aterako naiz. Nola prestatzen zara? Ez dago sekretu handirik. Txakurrak artzainak esandako hitzak ulertzea eta haren esanak egiten ikastea da gakoa. Entrenatzen dugu, baina ez jendeak uste bezainbeste. Txakurra gaztea bada, bestelakoa da kontua. Gazteen erreleborik ba al duzue lehiaketetan? Ez, apenas. Beti berdintsuak gabiltza txapelketetan. Gazteak ez dira arrimatzen, eta zaharrak uzten ari dira pixkanaka. Batzuek uzten dute txakur aukerarik ez dutelako... Dena den, etorkizun handirik ez diot ikusten artzain txakurren lehiari. Esaten dugu lan gehiago egin eta herrietara deitu behar dugula lehiaketak antolatzeko, baina horretan geratzen da beti kontua. Eta zu, nolatan hasi zinen? Duela zortzi urte hasi nintzen; Aizarnazabalen egin nuen debuta. Ez nuen, berez, hasteko asmorik, txapelketak profesionalentzat zirela uste bainuen. Aita artzaina zenez, txakur onak eduki ditugu etxean, baina ez nuen pentsatzen txapelketetara irits zitezkeenik. Gustuko ditut txakurrak eta duela urte batzuk bat ekarri nuen. Oso-oso ona zenez, txapelketetan hastera animatu egin nintzen. Egoera hobetzeko, zer? Ez dakit zehazki zer egin behar litzatekeen, baina zerbait berria sortzea ondo legoke. Herri txikietara-eta zabaltzen gehiago saiatuko bagina edo udaletara joko bagenu txapelketak antolatzeko, agian... Nik uste jendeari bururatu ere ez zaiola egiten txapelketa antolatzea, ez dakielako nolakoak izaten diren ere; aurrekontu handirik ez da behar. Aizarnazabalen, adibidez, bederatzigarren aldiz egingo da aurten. Hemen denok ezagutzen garenez eta herri txikia denez, giro ederra sortzen da. Beharbada, txapelketarik indartsuena izango da. Zale asko joaten al da lehietara? Nahi baino gutxiago. Beti gauza bera egiten ari gara, eta jendea erakartzeko, zerbait berria egin behar genuke. Urtean zenbat txapelketa izaten dituzue? Zortzi-hamar artean. Hemen inguruan egiten dira gehienak, baina kanpora ere joaten gara erakustaldietara. Zamoran izan naiz asteburuan feria batean, eta arrakasta izan genuen. 200 lagunetik gora bai erakustaldiari begira, txaloka. Gustura etorri nintzen etxera.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide