Aizarnazabalgo Udalak aurtengo udal aurrekontua onartuta du
Aizarnazabalgo Udalak aurtengo aurrekontuak behin betikoz onartuta ditu; orotara, 1.249.250 eurokoa izango du. Gaur egungo egoera ekonomikoan oinarritutako aurrekontuak direla azaldu du Alvaro Villar Aizarnazabalgo alkateak, «inbertsioetarako diru gehiegirik gabe». Hala, iazko aurrekontua baino txikiagoa da aurtengoa.
Gastu eta inbertsioak zertan egingo dituzten ez dute zehaztu udal arduradunek aurtengo aurrekontuan; hau da, diru partida bakar bat osatu dute sortu daitezkeen gastu edota inbertsioak egiteko. «Krisia dela eta, egon daitezkeen gastuetarako edota inbertsioetarako partida bakar bat aurreikusi dugu, eta jasotzen ditugun diru-laguntzen arabera, partida horretatik egingo ditugu inbertsioak. Egin beharreko kontuak egiteko ere partida horretatik tirako dugu», azaldu du Villarrek.
2013ko udal aurrekontu orokorrak beharrezko epean jendaurrean egon ondoren, udalbatzarrean onartu zituzten behin betikoz, urte bukaeran. Urtarrilaren 18an argitaratu ziren Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean.
Aizarnazabalgo udaletxearen aurtengo aurrekontu orokorra 1.249.250 eurokoa izango da. Gastu handiena pertsonalean aurreikusi dute, 353.630 euro. Gastu arruntetarako 293.470 euro aurreikusi dute, transferentzia arruntetarako 282.525 euro eta inbertsioetarako 185.100 euro.
Udalak aurten sarrera gehien tasetatik eta zuzeneko zergetatik jasotzea aurreikusi du: tasetatik 433.700 euro eta zuzeneko zergetatik 203.000 euro. Transferentzia arruntetatik, berriz, 549.392 euro jasotzea espero du.
Iazko udal aurrekontuarekin alderatuta ia 40.000 euro baxuagoa da aurtengoa; iazkoa 1.289.131 eurokoa zen. Iazkoarekin alderatuta, irteeretan jaitsiera handiena pertsonal gastuetan egitea aurreikusi dute. Sarreren kasuan, aldiz, zuzeneko zergetatik eta transferentzia arruntetatik, gutxiago jasotzea aurreikusi dute, baina tasetatik eta bestelako sarreretatik gehiago jasotzea espero dute.