Joan den asteazkenean (ekainak 29) egin zuen Aizarnazabalgo Udalbatza berriak osoko lehen bilkura, ezohikoa. Ekainaren 11ko kargu-hartze ekitaldira joan ezin izan zuten zinegotziek, Francisco Maria Gabarainek (Bildu) eta Miren Itziar Aizpuruak (EAJ) zinegotzi karguak hartu zituzten lehendabizi. Bestalde, Alvaro Villar alkateak Mari Karmen Arregi izendatu zuen alkateorde.
Osoko bilkurak hilero, hileko azken asteazkenean 20:00etatik aurrera egitea adostu zuten zinegotziek.
Elkarteetako kideak
Bartzorde berriemaileak osatzeko lanetan dabiltza, eta, beraz, batzordeburuak izendatzeko dituzte oraindik. «Martxa pixka bat hartu zain egongo gara horiek zehazteko», adierazi du Villarrek. Mahai gainean dute gaia, eta lantzen ari dira.
Udalak parte hartzen duen Elkarte Kolegiatuetako kideak izendatu zituzten, ordea. Hala, Urkomen parte hartuko dute Asier Larrañagak eta Alvaro Villarrek; Ueman ariko dira Yolanda Alkorta eta Asier Zamakola; Gipuzkoako Ur Kontsortzioan jardungo dute Gabarainek eta Villarrek; Lapatxen ordezkari izango dira Villar eta Larrañaga; eta Urola Erdiko Zerbitzu Mankomunitatean, zinegotzi guztiek hartuko dute parte, EAJko Itziar Aizpuruak izan ezik.