San Roman jaiak dantzan eta mahaiaren bueltan hasi dituzte Altzolan

Onintza Lete Arrieta

Atzo eguerditik iluntzera elkartu ziren Aiako auzotarrak festak ospatzeko, eta igandean beste horrenbeste egingo dute, eguerdiko mezarekin hasi eta hamaiketakoa, bazkaria eta erromeria izango baitituzte, festak txokolate beroa hartuz amaitzeko. 

Bi eguneko egitarau xumea nahikoa dute Altzolan festez behar bezala gozatzeko. Atzo hasi zituzten San Roman jaiak Aiako auzotarrek, eta eguerditik iluntzera, trikiti doinuak eta jan-edana izan ziren nagusi festen aterpe bilakatu ohi den elizaren barrualdean. Bazkaltzeko elkartu ziren, eta erromeriarekin dantzan aritu ziren, gero. Eguna amaitzeko, txokolate beroa eta pintxoak izan zituzten aukeran. 

Igande honetan izango dute festen bigarren eta azken eguna, eta antzeko egitaraua prestatu dute. Aurrena, hori bai, meza izango da, 11:00etan, eta ez da edonor igoko pulpitura, Fernando Prado gotzainak emango baitu elizkizuna. 

Ondoren, hamaiketakoa egingo dute elizan bertan, Laja eta Lutxurdio trikitilariek girotuta, eta 14:00etan bazkaltzen hasiko dira. Arratsaldean, erromeria egingo dute, eta 20:30ean, festei amaiera emateko, txokolate beroa eta pintxoak eskainiko dituzte. 

(Argazkiak: Ibon Errazu)

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide