Fernandez de Barrena eta Etxebeste garaile, emakumezkoen Gipuzkoako aizkora eta harri handien txapelketetan

Julene Sorarrain

Gipuzkoako Lehen Mailako Emakumeen Aizkora Txapelketa eta Gipuzkoako Emakumeen Harri Handien Txapelketa jokatu zituzten atzo Urdanetan. Aizkora proban, Oihana Fernandez de Barrena nagusitu zen, lanak 10 minutu eta 19 segundotan amaituta. Harri jasotzen, berriz, Estefania Etxebestek jantzi zuen txapela, guztira 3.700 kilo altxatuta.

San Martin jaietan murgilduta daude Urdanetan. Izan ere, asteburu honetan ekin diote auzoko festa kutunak ospatzeari, eta egitarau oparoaren barruan, herri kirol hitzordu garrantzitsuak jokatu zituzten atzo arratsaldean, jendez lepo bete zen frontoian.

Alde batetik, Gipuzkoako Lehen Mailako Emakumeen Aizkora Txapelketa jokatu zuten. Bost aizkolari aritu ziren nor baino nor: Oihana Fernandez de Barrena, Nerea Arruti, Malen Barrenetxea, Irati Astondoa eta Laiene Pikabea. Lehiakideek, guztira 45 ontzako lau enbor moztu behar izan zituzten.

Fernandez de Barrena izan zen parte hartzaileen artean azkarrena, lanak 10 minutu eta 19 segundotan amaituta. Bigarren postua Arrutik eskuratu zuen, 11 minutu eta 6 segundoko denborarekin. Astondoa hirugarren sailkatu zen, 13 minutu eta 55 segundotan amaituta. Laugarren Pikabea izan zen (15:40), eta bosgarren, berriz, Barrenetxea (23:24).

Aizkolarien lehiaren ostean, Gipuzkoako Emakumeen Harri Handien Txapelketaren txanda iritsi zen. Lau harri jasotzaile lehiatu ziren: Udane Ostolaza oriotarra, Olaia Esnaola azpeitiarra, Estefania Etxebeste eta Eider Garcia Durana. Lau harrirekin aritu ziren horiek: 112,5 kiloko laukizuzenarekin, 112,5 kiloko zilindroarekin, 87,5 kiloko kubikoarekin eta 75 kiloko bolarekin.

Etxebeste izan zen guztien artean lanik onena egin zuena, guztira 3.700 kilo altxatuta. Bigarren postua Garcia Duranak eskuratu zuen, 2.912,5 kilo jasota. Esnaola hirugarren sailkatu zen, 2.862,5 kilorekin, eta Ostolaza, berriz, laugarren izan zen, 2.312,5 kilo altxatuta.

Txapelketak amaituta, sari banaketa egin zuten, eta parte hartzaileak saritu ostean, egunari amaiera ezin hobea eman zioten auzotarrek erromerian. Izer eta Alabierrek jarritako doinuekin, dantzan aritu ziren jai giroan. 

Aste honetan ere izango da zer ospaturik Urdanetan, izan ere, asteazkenean meza nagusia eta tortilla patata lehiaketa egingo dituzte, San Martin egunez. Asteburuan, berriz, musika izango da protagonista Aiako auzoan.

(Argazkiak: Ibon Errazu).

Egitaraua

Etzi, asteazkena: San Martin eguna

  • 11:00. Meza nagusia.
  • 12:00. Tortilla patata lehiaketa eta auzotarren arteko herri kirolak.
  • 18:00. Erromeria Izer eta Narbaizaren eskutik.

Azaroak 13, ostirala

  • 00:30etik goizaldera arte. Fury DJa, Ximor tabernan.

Azaroak 14, larunbata

  • 17:30. Sagardo dastaketa.
  • 19:00. Jta Elektrotxaranga.
  • 21:00. Afaria Indamendi elkartean, Euskal Parrillaren eskutik. Txartelak Izeta sagardotegian eta Zarauzko Udaberri jatetxean izango dira salgai, azaroaren 10a arte.
  • 00:00. Erromeria Komerik-en eskutik, frontoian.
  • Ondoren, Indate eta Kroke DJak.
  • 01:30etik goizaldera arte. Naza DJa, Ximor tabernan.

Azaroak 15, igandea: Oilasko biltze eguna

  • 07:00. Dianarekin oilasko bilketaren hasiera, Larrume eta Beltza bertsolariekin, eta Laja eta Alabier trikitilariekin.
  • 14:00. Oilasko biltze bazkaria, Indamendi elkartean.
  • 18:00. Herri kirol erakustaldia.
  • Jarraian, erromeria Laja eta Alabierrekin.
  • Festei amaiera emateko, patata dantza lehiaketa eta Traka zaratatsua.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide