Aian bi haize errota jartzeko baimena eskatu diote Eusko Jaurlaritzari

Julene Sorarrain

Haize errotak. (pixabay)

Alerion Spain SL enpresak Aia, Usurbil eta Zizurkil arteko eremuan bi aerosorgailu instalatzeko baimena eskatu dio Eusko Jaurlaritzari. Aitz eta Andatz izeneko kluster eolikoak 9,9 megawatteko potentzia gordina izango luke guztira.

Gipuzkoan, Aia, Usurbil eta Zizurkil udalerriak hartzen dituen eremuan –Ezkeltzu, Andatza mendiaren hegoaldean–  bi aerosorgailu instalatzeko baimena eskatu du Alerion Spain SL enpresak. Hain zuzen ere, Aitz eta Andatz izeneko kluster eolikoak 9,9 megawatteko potentzia gordina izango luke guztira. Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Sailak proiektuaren berri eman du gaur, hilak 5, Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratutako iragarki baten bidez.

Iragarkiaren arabera, instalazioa Aia, Usurbil eta Zizurkilgo udal mugarteetan kokatuko litzateke. Argitaratutako iragarkiak ez du esan nahi, ordea, parke eolikoa eraikitzeko behin betiko baimena eman denik. Hain justu, hogei eguneko epea emango da, iragarkia argitaratzen den egunetik aurrera zenbatzen hasita, parke eoliko hori ezarri eta ustiatzeko interesa duten pertsona fisiko edo juridikoek lehia eskabidea aurkeztu dezaten.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide