Egitarau oparoarekin datoz Urdanetako San Martin jaiak

Julene Sorarrain

Urdanetako auzotarrak, kontzertu bat entzuten, iazko sanmartinetan. (utzitakoa)

Azaroaren 6an, ostiralarekin, hasiko dituzte jaiak Aiako auzoan, eta azaroaren 15ean amaitu, oilasko biltzearekin. Auzo afarirako txartelak asteartera arte egongo dira salgai, egun hori barne, Izeta sagardotegian eta Zarauzko Udaberri jatetxean.

Lehertzear da festa Urdanetan. Hain zuzen ere, azaroaren 6an hasi eta hilaren 15era arte, jai giroan murgilduta izango dira Aiako auzoan, aurten ere egitarau biribila osatu baitute sanmartinak ospatzeko. Besteak beste, erromeriak, haurrentzako jolasak, hamaika DJ saio edota sagardo dastaketa antolatu dituzte aurtengo festetarako.

Kirol erakustaldirik ere izango da. Hain justu, azaroaren 8ko goizean, Orbegozo-Bidezabal eta Bidezabal-Albeniz bikoteek pilota partidak jokatuko dituzte. Arratsaldean, berriz, Gipuzkoako Lehen Mailako Emakumeen Aizkora Txapelketa eta Gipuzkoako Emakumeen Harri Handien Txapelketak jokatuko dituzte frontoian. 

Bestalde, egitarauaren barruan, bi afari antolatu dituzte aurtengo jaietarako. Bata azaroaren 6an izango da, frontoian, eta txartelak Izeta sagardotegian eta Zarauzko Udaberri jatetxean izango dira salgai, azaroaren 3ra bitartean. Bestea azaroaren 14an izango da, Indamendi elkartean, Euskal Parrillaren eskutik. Otordu horretarako txartelak ere Izetan eta Udaberrin izango dira salgai, azaroaren 10a bitartean.

Egitaraua

Azaroak 6, ostirala

  • 19:30. Txupinazoa.
  • Jarraian, poteoa 20 Minutu taldeak girotuta.
  • 21:00. Auzo afaria. Txartelak Izeta sagardotegian eta Zarauzko Udaberri jatetxean izango dira salgai, azaroaren 3ra arte.
  • Afalostean, erromeria Enaitz eta Erkizirekin, frontoian.
  • Goizaldera arte, Indate eta Patx DJak, Ximor tabernan.

Azaroak 7, larunbata: Umeen eguna

  • 16:00-19:00. Puzgarriak.
  • 17:00. Mus txapelketa Indamendi elkartean.
  • 18:00. Txokolate jana bizkotxoarekin.
  • 19:00. Oierren Magia.
  • 00:30etik goizaldera arte. Boletus Rumberus DJa, Ximor tabernan.

Azaroak 8, igandea: Jubilatuen eguna

  • 11:00. Meza ospakizuna.
  • 12:00. Pilota partida: Orbegozo-Bidezabal eta Bidezabal-Albeniz.
  • 13:30. Auzoko nagusien bazkaria, Peñagarikano eta Zubeldia bertsolariek eta Elizagoien ahizpa trikitilariek girotuta.
  • 18:00. Gipuzkoako Lehen Mailako Emakumeen Aizkora Txapelketa eta Gipuzkoako Emakumeen Harri Handien Txapelketa.
  • Jarraian, erromeria Elizagoien ahizpen eskutik.

Azaroak 11, asteazkena: San Martin eguna

  • 11:00. Meza nagusia.
  • 12:00. Tortilla patata lehiaketa eta auzotarren arteko herri kirolak.
  • 18:00. Erromeria Izer eta Narbaizaren eskutik.

Azaroak 13, ostirala

  • 00:30etik goizaldera arte. Fury DJa, Ximor tabernan.

Azaroak 14, larunbata

  • 17:30. Sagardo dastaketa.
  • 19:00. Jta Elektrotxaranga.
  • 21:00. Afaria Indamendi elkartean, Euskal Parrillaren eskutik. Txartelak Izeta sagardotegian eta Zarauzko Udaberri jatetxean izango dira salgai, azaroaren 10a arte.
  • 00:00. Erromeria Komerik-en eskutik, frontoian.
  • Ondoren, Indate eta Kroke DJak goizalderarte.
  • 01:30etik goizaldera arte. Naza DJa, Ximor tabernan.

Azaroak 15, igandea: Oilasko biltze eguna

  • 07:00. Dianarekin oilasko bilketaren hasiera, Larrume eta Beltza bertsolariekin, eta Laja eta Alabier trikitilariekin. 
  • 14:00. Oilasko biltze bazkaria, Indamendi elkartean. 
  • 18:00. Herri kirol erakustaldia.
  • Jarraian, erromeria Laja eta Alabierrekin.
  • Festei amaiera emateko, patata dantza lehiaketa eta Traka zaratatsua.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide