Ainhoa Urteaga eta Eneit Bertiz garaile Aiako VI. Mendi Duatloian

Onintza Lete Arrieta

Emakumezkoetan, podiuma osatu duten hiru kirolariak elkarrekin ibili dira korrikako saioan, eta zumaiarra bizikletako azken kilometroetan gailendu zaie besteei. Gizonezkoetan, nafar gaztea hasieratik jarri da probaren buruan. 

Eneit Bertiz sunbillarra eta Ainhoa Urteaga zumaiarra izan dira bizkorrenak gaur arratsaldean Andatzan jokatu den Aiako VI. Mendi Duatloian. Euskal Herriko Mendi Duatloi Zirkuituko bosgarren proba izan da. Iaz baino partaide gutxiago atera da helmugatik –56 kirolari guztira, banakako eta erreleboko probak batuta, iaz 70 izan ziren– baina korrika eta bizikleta saioa ikustera bertaratu direnek gozatua hartu dute, partaideek zirkuitu berari hiruna buelta eman dizkietelako, bai korrika, bai bizikletan. Sei kilometro osatu dituzte korrika, 275 metroko maldarekin, eta bizikletan, berriz, 13,2 kilometro, 642 metroko maldarekin. 

15:30ean abiatu dira banakako parte hartzaileak Andatzako plazatik maldan gora, eta gizonetan Bertiz hasieratik jarri da lasterketa buruan, eta amaierara arte eutsi dio lidertzari. 01.21.33 denboran amaitu ditu lanak, tarte nabarmena aterata Eneko Gurrutxaga bigarrenari, horrek 01.25.03 denboran zeharkatu baitu helmuga. Hirugarrena Aitor San Sebastian izan da, 01.26.41 denborarekin. 

Emakumezkoetan Ainhoa Urteaga zumaiarrak erdietsi du garaipena, 01:57.06 denbora eginda, proban zehar hazi eta atzetik aurrera eginda. Izan ere, korrikako saioan elkarrekin aritu dira podiuma osatu duten hirurak, eta Urteaga hiruretan azkena joan da korrika saioan. Bizikletan ere, Maite Murgiaren atzetik ibili da, baina azken txanpan, aurrea hartu dio, eta azkenean, bi minutuko aldea atera dio bigarren izan den Murgiari; gurpila zulatuta iritsi da helmugara, gainera, Urteaga. Murgiak 01.59.08 denboran osatu du proba, eta 02.01.42 denboran, berriz, Izarne Mayozek. 

Erreleboka hamahiru bikotek parte hartu dute, denak gizonezkoak izan dira, eta Unai Altuna eta Haritz Artano nagusitu dira, 01.20.09 denbora eginda. Iñigo Eizagirre eta Mikel Usandizaga izan dira bigarren 01.23.07 denborarekin, eta Alberto Gomez del Rio eta Eneko Gonzalez, berriz, hirugarren, 01.23.08 denborarekin. 

Sailkapen osoa esteka honetan dago ikusgai. 

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide