Oraindik izena eman daiteke larunbatean jokatuko den Aiako VI. Mendi Duatloian

Julene Sorarrain

Iazko Aiako Mendi Duatloiako une bat. (Aritz Mutiozabal)

Euskal Herriko Mendi Duatloi Zirkuituko bosgarren proba izango da, eta ibilbideak 21 kilometro inguru izango ditu. Ohi bezala, proba banaka edo bikoteka egin ahal izango da.  

Andatzako auzo elkarteak Aiako Udalarekin eta Euskadiko Triatloi Federazioarekin elkarlanean antolatuta, Aiako VI. Mendi Duatloia jokatuko dute larunbatean, 15:30ean, Andatza auzotik abiatuta. Euskal Herriko Mendi Duatloi Zirkuituko bosgarren proba izango da Aiakoa.

Bada, larunbateko ibilbideak 21 kilometro inguru izango ditu. Lehen sektorean, 6,21 kilometroko eta 275 metroko malda duen zirkuituan hiru itzuli egin beharko dituzte korrika. Mendi bizikletaz osatu beharreko sektoreko zirkuituak 13,2 kilometro eta 642 metroko malda izango ditu, eta horri ere hiru itzuli eman beharko dizkiote.

Izen emateak irekita jarraitzen du rockthesport.com webgunean. 20 euro ordaindu behar dira bakarka parte hartzeko, eta 35 euro, berriz, binaka errelebotan jarduteko. Ohi bezala, partaide bakoitzak opari poltsa jasoko du, besteak beste, kamisetarekin, ura eramateko botilarekin eta sagardo botilarekin.

Sari banaketa ekitaldia 18:15ean egingo dute. Bakarka parte hartzen dutenen artean, irabazleak Berazadi Berri jatetxean otordu bat eta Ameztoiko produktuen otarre bat jasoko du; bigarren egiten duenak Mahalaren otarrea eta bi txakolin botila eramango ditu; eta hirugarrenari, berriz, kirol motxila bat eta bi txakolin botila emango dizkiote.

Bikoteka parte hartzen dutenek ere izango dituzte sariak. Irabazleei Agiñaga sagardotegian otordu bat eta bi txakolin kaxa emango dizkiete; bigarren egiten dutenei bi kirol motxila eta bi gosari Aize Berrin; eta hirugarrengoei, berriz, bi kirol motxila eta bi txakolin kaxa. Lehen bikote mistoari bi kirol motxila eta Xega jatetxean gastatzeko 50 euroko bonua emango dizkiote. Gainera, zozketak ere egingo dituzte kirolarien artean.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide