Atzo iluntzean murgildu zen Laurgain auzoa San Migel jai bete-betean. Auzo afaria egin zuten dozenaka lagunek festei ongietorria egiteko, Atseden Toki elkartean. Jarraian, Izer eta Alabierrek erromeria saioa eskaini zuten.
Igandean jarraituko du festak Laurgainen, erromeriarekin: hain justu, 18:00etatik 21:00etara Laja eta Lutxurdio ariko dira giroa alaitzen, eta horixe izango da egun horretako hitzordu bakarra.
Asteartean izango da egun handia, San Migel eguna. Meza izango dute 10:30ean, eta, ondoren, hamaiketakoa egiteko elkartuko dira. Behin sabela beteta, herri kirol jaialdiarekin agurtuko dituzte aurtengo sanmigelak. Harrijasotzen Hodei Iruretagoiena Izeta IV.a eta Mikel Lopetegi Urra ibiliko dira, eta aizkoran, berriz, Aratz Mugertza eta Hodei Ezpeleta Bihurri II.a.
(Argazkiak: utzitakoak)