Abian da Aiako XX. Argazki Lehiaketa

Onintza Lete Arrieta

Iazko lehiaketako irabazleak, 2026ko egutegia eskuetan dutela. (Julene Sorarrain)

Lehiaketa irekia da eta parte hartu nahi dutenek urriaren 2rako entregatu beharko dute beren lana Kultur Etxean. Gaia librea izango da, baina Aiako udalerriarekin lotura zuzena eduki beharko dute irudiek. 

Aian abiatu dute XX. Argazki Lehiaketa. Gaia, ohi bezala, librea izango da, betiere argazkiak Aiako udalerriarekin lotura zuzena badu: ingurumena, ondarea, jarduerak, herriko bizimodua, tradizioak, fauna, flora nahiz Aiarekin lotura duen eta identifikagarria den beste edozein elementu erakutsi beharko dute argazkiek.

18 urtetik gorako argazkizaleek parte har dezakete lehiaketan, eta lanak urriaren 2ra arte entregatu ahalko dira Aiako Kultur Etxean. 

Bi kategoria bereiziko dira: deialdi hau argitaratu den unean Aian erroldatuta dauden parte hartzaileena, eta herrian erroldatuta ez daudenena. Sariek zenbateko bera izango dute bi kategorietan, eta parte hartzaile bakoitzak sari bakarra jaso ahal izango du: 1. saria 300 euro, 2. saria 220 euro eta 3. saria 150 euro.

Onartutako lan guztiak Kultur Etxean erakutsiko dira, argazki irabazleak eta 2027ko egutegia osatuko dutenak aukeratzeko. Argazki irabazleak hautatzeko, herri bozketan eta epaimahaiaren bozketan lortutako puntuazioak batuko dira. Emaitza horren arabera zehaztuko dira argazki irabazleak eta 2027ko egutegia osatuko dutenak.

Zenbait arau

Parte hartzaile bakoitzak 2025ean edo 2026an egindako gehienez lau argazki aurkeztu ahal izango ditu. Argazki horiek ezin izango dira aurrez lehiaketa honetan edo beste argazki lehiaketaren batean aurkeztutakoak izan. Argazkiek originalak eta egileak berak ateratakoak izan beharko dute. Egileak bermatu beharko du argazkien eskubide guztien titular bakarra dela eta ez dutela hirugarrenen eskubiderik urratzen.

Argazkiak argazki-paperean aurkeztu beharko dira, 30 × 20 zentimetroko formatu horizontalean. Horrekin batera, JPG edo JPEG formatuko fitxategi digitala aurkeztu beharko da, gutxienez 5 Mpx-koa, baita RAW fitxategia ere, halakorik izanez gero. Ez dira onartuko jatorrizko irudia moztuta lortutako argazkiak.

Papereko kopia bakoitzaren atzealdean argazkiaren izenburua idatzi beharko da. Argazkiak gutun-azal itxi batean aurkeztuko dira, honako datu hauek jasotzen dituen orri batekin batera: egilearen izen-abizenak, bizilekua, telefono zenbakia, helbide elektronikoa eta argazki bakoitzaren izenburua eta data.

Ez dira onartuko, bestetik, adimen artifizialaren bidez osorik edo zati batean sortutako irudiak, ezta adimen artifizialeko tresnekin eraldatutakoak edo kamerak jasotako irudian ez zeuden elementuak gehituta dituztenak ere.

Irudietan identifika daitezkeen pertsonak agertzen direnean, egilearen ardura izango da irudi horiek erabiltzeko eta jendaurrean erakusteko beharrezko baimenak izatea.

Oinarri guztiak esteka honetan daude irakurgai. 

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide