Aiako Udalak Kultur Etxeko kirol eskaintza zabalduko du, kirol gune berriak eskainiko dituen aukerei begira. Hain zuzen ere, indarra lantzeko saio berriak antolatu dituzte, eta ate irekiak datorren astean izango dira: irailaren 21ean eta 24an eskainiko dituzte, astelehenean 17:15etik 18:00etara, eta ostegunean 16:15etik 17:00etara.
Hala, klaseak aurrera ateratzen badira, irailaren 28an ekingo diote ikastaroari. Bost eta hamabost lagun arteko taldeak osatuko dituzte, eta astean behin ala bitan joateko aukera izango da. Ikastarora astean behin joan nahi dutenek, hilean 15 euro ordaindu beharko dute; aldiz, astean bitan joan nahi dutenek, 25 euro ordainduko dituzte.
Ate irekietan parte hartzeko, beharrezkoa izango da aurretik izena ematea. Horretarako, interesdunek 943-13 09 24 zenbakira deitu dezakete.