Emaitza gazi-gozoekin hasi dute denboraldia Aiako palistek

Julene Sorarrain

Asier Alberdi eta Manex Albeniz, eskuinean, asteburuan zestoarren aurka jokatutako partidan. (Aiako Pala Taldea)

Esoainek eta Izetak zarauztarren aurka irabazi dute denboraldiko lehen partida. Alberdik eta Albenizek, aldiz, zestoarren aurka galdu dute etxean jokatutako lehenengo jardunaldia. Lehen eta bigarren mailan ariko diren bikoteek aste honetan ekingo diote denboraldiari.  

Aiako Pala Taldeak hasiera gogorra eman dio denboraldi berriari. Pasa den asteburuan jokatu zituzten, hain zuzen ere, denboraldiko lehen norgehiagokak, eta emaitza gazi-gozoekin itzuli ziren etxera. Alde batetik, Zigor Esoainek eta Oier Izetak Zarauzko Aritzbatalde pilotalekuan izan zuten partida, eta lehia estu baten ostean, 25-20ko emaitzarekin irabazi zuten partida Pagoaga-Uribarriren aurka.

Bestetik, Asier Alberdik eta Manex Albenizek osatutako bikoteak Larrañaga eta Rodriguez zestoarren aurka neurtu zituen indarrak, etxeko frontoian. Aiarrek, ordea, 25-11 emaitzarekin galdu zuten partida. Datorren norgehiagoka ostiralean izango dute, Aritzbataldeko pilotalekuan, 20:15ean. Esoainek eta Izetak ere ostiralean izango dute hurrengo partida, Zubietako pilotarien aurka, Aiako frontoian 19:00etan.

Hirugarren mailan dabiltzan bi bikoteek ez ezik, Aiako Pala Taldeko gainontzeko bikoteek ere hitzordu garrantzitusak izango dituzte aste honetan. Aurten lehenengo mailan lehiatuko diren Iban Aldalurrek eta Garikoitz Zubillagak, esaterako, Astigarragako (Gipuzkoa) Mundarro klubeko palisten aurka jokatuko dute denboraldiko lehenengo jardunaldia. Larunbatean izango da partida, Aiako frontoian, 11:00etan hasita. Bigarren mailan dabiltzan Aimar Aranberrik eta Iker Lizasok, berriz, gaur bertan ekingo diote denboraldiari, Kuku klubaren aurka, 19:00etan Anoetako pilotalekuan.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide