Aste honetan hasi dituzte Aiako kirolgune berria eraikitzeko lanak

Onintza Lete Arrieta 2026ko abuztuaren 26a

Kirol gune berriaren diseinua. (Aiako Udala)

Lanak Construcciones Hugar SL enpresak egingo ditu, 1,3 milioi euroko aurrekontuarekin, eta zazpi hilabeteko epean amaituko dituztela aurreikusi du udalak.

Aste honetan hasi dituzte Aiako Udalak sustatutako kirolgune berria eraikitzeko lanak. Obrak Construcciones Hugar SL enpresak egingo ditu, 1.361.324,17 euroko aurrekontuarekin (BEZ barne), eta lanak amaitzeko zazpi hilabeteko epea aurreikusi du udalak. Lardizabal eskola ondoko zelaian eraikiko dute gune berria.

Udalak 2024ko abenduan jakinarazi zuen instalazio berria eraiki nahi zuela, eta azaldu zuen 500 metro koadro inguruko azalera edukiko lukeela zerbitzu berriak, bi solairutan banatuta egongo litzatekeela, eta erabilera anitzeko gelak, gimnasioa, biltegia eta komunak eta dutxak edukiko lituzkeela. Parte hartze prozesu bat egin zuela ere jakinarazi zuen orduan, herritarren ikuspuntua bildu nahi izan zuelako erabakiak hartu aurretik.

Orain, Jon Ander Azpiroz alkateak sare sozialetan esan du Aiak "merezi duen kirolgunea" edukiko duela, "denon artean pentsatu eta diseinatua, guztion bizi kalitatea hobetzeko". 

Goian, Lardizabal eskolaren eraikina, eta belarrezko teilatupean, kirolgune berria, aldamen batetik ikusita. (Aiako Udala)

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide