Gipuzkoako gerraz hitz egiterakoan sarritan hiri handietako edo bataila ezagunetako irudiak datozkigu burura. Baina gure herriaren askatasuna ez zen soilik hirietan defendatu; mendietan, basoetan eta baserri inguruetan ere erabaki zen haren etorkizuna. Han, gizon eta emakume askok ulertu zuten faxismoaren aurrean eustea ezinbestekoa zela. Andazarrate izan zen leku horietako bat.
1936ko uztailaren 18ko estatu kolpe faxistak Euskadiren etorkizuna kolokan jarri zuen. Egoeraren larritasunaz jabetuta, EAJk, uztailaren 26an, altxamendua gertatu eta egun oso gutxira, lidergoa hartu zuen Euskal Herriaren defentsa antolatzeko, eta Eusko Gudarostearen sorrera bultzatu zuen, sistema demokratikoaren legezkotasuna, herriaren eta herritarren askatasuna defendatzeko. Testuinguru horretan, 1936ko abuztuaren 15ean Andazarrateko frontea eratu zen, Gipuzkoako lehen defentsa lerro estrategikoetako bat bihurtuz.
Loiolako kuartelean antolatutako gudariek, nagusiki EAJren Intxarkundia, Amaiur eta Larrein-Amezketa batailoikoek, eta, baita ANVko Martintxiki batailoikoek ere, aurre egin zioten etsaiari helburu nagusi batekin: Espainiako falangisten aurrean euskal askatasuna eta demokrazia defendatzea.
Egia da frontea azkenean hautsi egin zutela eta Gipuzkoa 1936ko irailean matxinatutako tropen esku geratu zela. Baina Andazarrateren balioa ez da emaitza militarraren arabera soilik neurtzen. Fronte baten garrantzia ez datza beti garaipenean, baizik eta etsaiaren aurrerapena moteltzeko eta denbora irabazteko duen gaitasunean. Eta, batez ere, herri baten defentsan dena eman zuten gudarien duintasunaren arabera.
Andazarrateko defentsa Nafarroatik zetorren erasoari aurre egiteko antolatutako sistema zabalago baten parte izan zen. Mendi horietako posizioek barrualdearen eta kostaldearen arteko komunikazioak babestu zituzten, eta tropa faxisten aurrerapena aste luzez atzeratzea lortu zuten. Egunero, gudari haiek baldintza oso gogorretan eutsi zioten fronteari, bizitza arriskuan jarriz eta sakrifizio pertsonal handiak eginez.
Euste ahalegin hura ondorio militarrez harago joan zen. Irabazitako denbora funtsezkoa izan zen atzealdea antolatzeko, herritarrak babesteko, defentsa lerro berriak prestatzeko eta, batez ere, Euskadiko erakunde propioak sendotzeko. Horri esker, 1936ko urriaren 7an Eusko Jaurlaritza eratu ahal izan zen, Jose Antonio Agirre lehen lehendakaria buru zela. Euskal autogobernuaren lehen gobernua gerran bertan eratzea posible izan zen, neurri handi batean, fronteetan –Andazarraten bezala– erakutsitako eusteko kemenari esker.
Horregatik, Andazarrateko erresistentziak ez zuen Gipuzkoako kanpainaren azken emaitza aldatu, baina bai gerraren nondik norakoa eta ondorio historikoak. Eutsi zutenek aukera eman zuten Euskal Herriaren berezko erakundeak martxan jartzeko eta demokraziaren aldeko borrokari jarraipena emateko. Gerra garaian, denbora bera baliabide estrategikoa zen. Andazarraten defendatutako metro bakoitzak ez zen izan lur zatia bakarrik, metro bakoitza etorkizunerako aukera bat ere izan zen.
Andazarrate ez zen soilik eszenatoki militar bat izan. Giza duintasunaren lekukotasuna ere izan zen. Jatorri desberdinetako gudari abertzaleek beldurra, sufrimendua eta sakrifizioa partekatu zituzten bertan, askatasunaren aldeko konpromiso sendoak batuta. Basoen artean oraindik ikus daitezkeen lubakiak eta defentsa egiturak ez dira aztarna arkeologiko hutsak; herri baten borondatearen eta eusteko kemenaren lekuko materialak dira.
Gaur egun, Andazarratek Gipuzkoako memoria historikoan leku berezia du. Ez gatoz gerraren tragedia goraipatzera, eta are gutxiago indarkeriaren garaipena gogoratzera, alderantziz: herri baten, gure herriaren, askatasuna, duintasuna eta demokrazia defendatzeko eta garesti ordaindutako ausardia gogoratzera gatoz.
Andazarrateko memoria idatzita dago. Gure esku dago ondare hori zaintzea eta belaunaldi berriei transmititzea. Izan ere, hemen gogoratzen duguna ez da iraganeko gertakizuna, faxismoaren aurrean amore ematen ez duen Herri baten eusteko kemena baizik.