Gastro Gaztea egitasmoaren topaketa egin zuten atzo Pagoeta parkean, Mantala Basque Gastronomy-k antolatuta, Basotik Fundazioarekin lankidetzan. Jardunaldiak gastronomiari, ekoizpenari, artisautzari eta lurraldeari lotutako profesional gazteak bildu zituen, gastronomia "berdeago, jasangarriago eta inguruneko baliabideekin konektatuago baterantz nola egin aurrera hausnartzeko", hain justu.
Topaketak, halaber, "basoaren inguruko elkarrizketa" ireki nahi izan zuen, basoa espazio bizi gisa hartuz: biodibertsitatea, ezagutza, lehengaiak, ofizioak, kultura eta gastronomiarentzat aukera berriak eskaintzen dituen leku gisa. Begirada horretatik, jardunaldiak "produktuaren, naturaren, ofizioaren eta lurraldearen arteko elkargunean lan egiten duten hainbat proiektu eta esperientzia" hurbildu zizkien parte hartzaileei.
Goizean zehar, parte hartzaileek gastronomia berde eta jasangarrian oinarritutako lan dinamika batean hartu zuten parte. Helburua "ideiak, erronkak eta aurrera egiteko bide posibleak partekatzea" izan zen, "inguruarekin, hura lantzen duten pertsonekin eta lurraldeko baliabideekin lotuago egongo den sektore baterantz".
Jardunaldiak basoari, produktuari eta ofizioari lotutako hainbat proiekturen parte hartzea ere izan zuen. Horien artean izan ziren Miguel Goya harakina, Alejandro Goya Okelak proiektukoa; Diego Sorarrain Baliarraingo sukaldaria; Patricia Lopez de la Calle Bodegas Artadikoa; Miriam Loidi artisaua; eta Agurtzane Subijana, Ondu eta Artadia proiektuen bultzatzailea. Haien esperientziek lurraldetik lan egiteko modu desberdinak erakusteko aukera eman zuten, paisaiaren, lehengaiaren, jakintzaren eta komunitatearen arteko harremana balioan jarriz.
Topaketak produktuari eta mahaiari lotutako uneak ere izan zituen. Jardunaldia Ainhoa Oyangurenen espezialitateko kafearekin hasi zen, Trike Koffee Roasters proiektukoa, eta Joseba eta Ander Recondoren ogi eta gozoekin, Ore Amakoak. Gainera, Bittor Barandiaranek bere proiektua aurkeztu zuen, lehen truke-une horren parte gisa. Goiza amaitzeko, Ama Jatetxeak basoarekin lotutako mokaduen dastaketa eskaini zuen, partekatutako hausnarketa esperientzia gastronomiko bihurtuz.