Pagoeta natura parkearen eguna ospatuko dute mendizaleek ekainaren 7an

Julene Sorarrain 2026ko maiatzaren 28a

Mendizaleak gailurreko gurutzean, Pagoeta Egunean.

Askotariko ekintzak antolatu dituzte ekaineko lehen iganderako: besteak beste, pottoka arraza gertutik ezagutzeko, euskal makila borrokaren erakustaldia gozatzeko eta Basabizin sendatutako hegaztien askatzea ikusteko aukera izango dute mendizaleek. Jarduerak gailurrean izango dira, eta hara iristeko irteerak Aiatik eta Zarauztik egingo dituzte.

Gipuzkoako Foru Aldundiak, Pagoeta Mendizale Elkartearekin, Aiako Udalarekin eta Etorlurrekin batera, Pagoeta natura parkearen eguna antolatu du ekainaren 7rako, igandearekin. Pagoeta parkearen garrantzia aitortzeko helburuarekin, natura eta kultur ondarea balioan jartzeko egitarau biribila prestatu dute

Aurten, gainera, ospakizunak indar handiagoa du. Izan ere, Zarauzko Pagoeta Mendizale Elkarteak antolatzen duen egun handiaren 60. edizioa izango da, eta Europako Natura 2000 Egunarekin eta Natura Parkeen Egunarekin bat egin du.

Irteerak Aiatik eta Zarauztik

Ekintza nagusiak 10:15etik aurrera izango dira Pagoetako gailurrean, eta hara igotzeko bi modu antolatu dituzte. Alde batetik, Aiako Gozategi plazatik irtengo dira goizeko 09:00etan, eta ordubete pasatxoko bidea egingo dute oinez. Gidariak Gipuzkoako Parketxe Sareko ingurumen hezitzaileak izango dira, hain justu. Itzulera, berriz, 13:00etan egingo dute talde berean, eta 14:00ak pasatxo izango dira bueltan abiapuntura.

Bestetik, Zarauzko Guria tabernatik joateko aukera ere izango da. Goizeko 08:30ean izango da irteera, Pagoeta Mendizale Elkartearekin batera. Antolatzaileek zenbait gomendio garrantzitsu eman dituzte egun horretarako, hala nola, mendian ibiltzen ohituta egotea eta ura eta oinetako aproposak eramatea. Gainera, ibilbidea ez da egokia ume txikiekin egiteko eta ezingo da zakurrik eraman.

Gailurreko ekintzak 10:15etik aurrera hasiko dira. Besteak beste, mendizaleek harrapa lekuan izango den pottoka elia ezagutuko dute Gipuzkoako Pottokazale Elkarteko aditu baten eskutik. Hori ez ezik, Urnietako (Gipuzkoa) Basabizi zentroan sendatutako hegazti bat ere askatuko du basozain batek, zentroaren funtzionamendua azaldu ostean. Euskal makila borroka ere egingo dute, eta antzinako defentsa teknika horren erakustaldia izango da Oiartzungo (Gipuzkoa) taldearen eskutik. Teknika hori borrokarako eta defentsarako erabiltzen zen antzina Euskal Herrian. Ondoren, 11:30ean, meza izango da gurutzearen ondoan, eta jarraian, Trik kultur elkarteko trikitilariek girotuko dute eguna. Goiz osoan zehar jatekoa eta edatekoa egongo da Pagoeta Mendizale Elkartearen eskutik, baina norberak bere edalontzia eraman beharko du.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide