Aiako probalekuan izango da larunbatean Gipuzkoako Bertsolarien Herriarteko Txapelketaren finala

Julene Frantzesena 2026ko maiatzaren 27a

Aiako probalekua.

Zumarraga-Urretxu 1 eta Leintz taldeak ariko dira parez pare, 18:00etan hasita, eta bertsolariek askotariko ariketak egin beharko dituzte. Ez da, baina, saio huts bat izango finala. Gipuzkoako Bertsozale Elkarteak egun osoko egitaraua prestatu du larunbaterako. Bazkaritarako eta finalerako sarrerak salgai daude dagoeneko.

Hondarrera iristear da Gipuzkoako Herriarteko Bertsolari Txapelketa. Izan ere, larunbatean izango da hainbat hilabetez bizi-bizirik izan den lehiaren azken saioa: finala. Aiako probalekuan izango da hitzordua, eta han erabakiko dute zein talde izango den garailea. Zumarraga-Urretxu 1 eta Leintz taldeak ariko dira parez pare, 18:00etan hasita, eta bertsolariek askotariko ariketak egin beharko dituzte.

Debagoieneko irabazlea da Leintz taldea, eta Oñatiko saioan Azpeitiko Zaharrak Berri kaleratuta lortu zuen finalerako txartela. Talde horretako kideak dira Ane Zuazubiskar, Haizea Arana eta Oihana Arana. Finaleko bigarren taldea, berriz, Zumarraga-Urretxu da, eta talde horretako bertsolariak Antton Fernandez, Manex Mantxola eta Mikel Iturriotz. Talde horrek Tolosan lortu zuen finalerako pasea. 

Ez da, baina, saio huts bat izango finala. Gipuzkoako Bertsozale Elkarteak egun osoko egitaraua prestatu du larunbaterako. Finalerako motorrak berotzeko xedez, 12:00etan bertso poteoa egingo dute, eta Herriartekoan parte hartu duten hainbat bertsolari ariko dira kantuan: Duna Urteaga, German Urteaga, Danel Etxeberria, June Aiestaran, Harri Agirresarobe, Iker Ormazabal Tturko, Uxue Alkorta, Urko Arakistain, Egiar Otegi, Asier Ibarguren, Leire Ostolaza, Eneritz Artetxe, Urko Arregi eta Gontzal Belategi. Gero, 14:00etan, herri bazkaria egingo dute frontoian. 

Sarrerak salgai

Bazkaritarako eta finalerako sarrerak salgai daude dagoeneko Bertsosarrerak.eus webgunean. Bi hitzorduetara joan nahi dutenek 30 euro ordaindu beharko dute, eta finalaz soilik gozatu nahi dutenek, berriz, hamabi euro. Herriarteko txapelketan parte hartu duten kideek, elkarteko bazkideek nahiz 6 eta 18 urte bitarteko umeek eta gazteek sarrerak merkeago erosi ahal izango dituzte.

Gainera, Guka finalerako bi sarrera bikoitz zozkatzen ari da Gukakideen artean. 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide