Aiako Udalak antolatuta, Asentzio Azoka egingo dute maiatzaren 24an, igandearekin, eta egun osoko egitaraua prestatu dute festa horren bueltan.
Goizeko 11:00etatik 14:00etara bitartean, artisau azokara bertaratzeko aukera izango dute herritarrek. Bertan, 40 postu inguru jarriko dituzte, besteak beste, bitxiak, arropa edota loreak saltzeko. Gainera, bitartean, urteroko abere eta hegaztien erakusketa egingo dute.
Hori ez ezik, nekazaritzako makineria eta lanabes azoka ere ikusgai izango da, baita baserriko lanabes zaharren mostra ere. Familiako txikienentzat, zalgurdia ibiliko da herrian zehar. Arratsaldean, berriz, erromeriaz gozatzeko aukera izango da iluntzera arte, Enaitz eta Erkiziren eskutik.