Orion bezala, Aian ere ospatu zuten atzo urteko gaurik ilunena: Gau Beltza. Aiako Guraso Elkartearen lanari esker, haurrentzako zein gazteentzako jarduerak izan ziren arratsaldetik hasi eta iluntzera arte.
Esaterako, mozorrotzeko eta aurpegiak margotzeko aukera eskaini zuten frontoian, eta norberak bere beldurrak adierazteko aukera ere izan zuen, han jarri zuten mahai batean. Nola ez, haurrentzako jolasak eta txokolate jana ere izan ziren. Gainera, egun honetan ohikoa den moduan, kalejira zaratatsua egin zuten Aiako txokoetan barrena, eta gauari amaiera emateko, Beldurrezko Etxean sartzeko aukera izan zuten ausartenek.