Aian udal kiroldegia eraikitzeko lehen urratsak egin dituzte

Onintza Lete Arrieta 2024ko abe. 5a, 13:18

Amaia Iturzaeta eta Jon Ander Azpiroz, udaletxean, parte hartze prozesuko hainbat dokumenturekin. (Onintza Lete Arrieta)

Aiako Udalak Lardizabal eskolari itsatsita egin nahi du 500 metro koadroko eraikina. Herritarrekin parte hartze prozesua burututa, laster proiektua idazteko lizitazioa aterako du, eta parte hartze prozesuaren ondorioak herritarrei azalduko dizkie.

Aiako Udalak herrian udal kiroldegia eraikitzeko lehen urratsak egin ditu. Gaur egun Kultur Etxeko gela bat erabiltzen dute hainbat kirol jarduera eskaintzeko, eta udalak uste du horrek ez dituela aiarren kirol beharrak asetzen. Horregatik, Prometea aholkulari enpresaren eskutik parte hartze prozesua egin dute ekainetik azarora, eta herrian nahiko luketen kiroldegiaren zirriborroa zehaztu dute. Hurrengo pausoa izango da proiektua idazteko lizitazioa lehiaketa publikora ateratzea, eta ondoren, lanak esleitzea. Dena ondo bidean, 2025 amaieran nahiko lukete lanekin hasi.

Kiroldegi berriak 500 metro koadro inguruko azalera edukiko luke, bi solairutan banatuta egongo litzateke, eta erabilera anitzeko gelak, gimnasioa, biltegia eta komunak eta dutxak edukiko lituzke. Kokapena ere pentsatuta dute: Lardizabal eskolaren eraikin berriari itsatsita egongo litzateke –gaur egun zelaia dagoen tokian–.

Kiroldegi berria Lardizabal eskolaren ondoko berdegunean egingo dute. (Onintza Lete Arrieta)

Proiektua, herritarrena ere bai

Proiektua herritarrekin batera zehaztearen garrantzia azpimarratu du Jon Ander Azpiroz alkateak: "Alkatetza hartu aurretik jada bagenuen asmoa kiroldegiaren eta gimnasioaren tarteko zerbait egiteko. Tokia ere gutxi gorabehera pentsatuta geneukan, eta ez zen zaila izango nahi genuen eraikina marraztu eta martxan jartzea. Baina herritarren beharrak entzun nahi genituen, eta horren arabera egin aurreproiektuaren diseinua".

Prometea aholkulari enpresako Zorione Aierbe eta Iciar Montejo izan dira parte hartze prozesuaren gidariak. Haiek pausoak markatu dizkiete: aurrenekoa, udalak proposatzea parte hartze prozesuko herritarren zerrenda, eta zerrenda horrek udaleko alderdi guztien oniritzia izatea; bigarrena, tokia eta gutxieneko batzuk ere zehaztuta eta adostuta ekartzea. Horiek beteta, banan-banan deitu zieten hogeita bost herritar ingururi, eta aurreneko bileran hemeretzik parte hartu zuten. Aierbek azpimarratu du partaideen artean aniztasun handia egon dela. Amaia Iturzaeta da partaideetako bat, eta gustura da egin duten dinamikarekin, baita hortik ateratako emaitzarekin ere. "Oso esperientzia polita izan da, eta konturatu gara proiektu hau ez dela udalarena bakarrik, gurea ere badela, eta erantzukizuna sentitzen dugu", azpimarratu du.

Lizitazioa martxan jartzeaz gain, udalak parte hartze prozesuak emandakoa herritarrei azaltzeko asmoa du Kultur Etxean jarriko dituzten panelen bitartez, eta laster jakinaraziko du noiz egongo den emaitza hori ikusgai.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide