I. Trikiti Jaialdia antolatu dute Aiako Udalak eta Aiako Turismo Bulegoak, eta data jarri diote egitasmoari: abenduaren 14an, larunbatarekin, 17:00etan hasiko da jaialdia, Probalekuan. "Aiarrok odolean daramagu infernuko hauspoaren doinu bizia; horren lekuko dugu Aristerrazun, urritik ekainera, igande eta jai egun orotan ospatzen ditugun erromeriak. Horregatik, hain gurea dugulako, trikitizaleon bilgune bihurtuko dugu Probalekua gun batez", azaldu dute. "Trikitixa eta panderoaren soinua ardatz hartuz, belaunaldi ezberdinetako trikitilariak izango ditugu oholtza gainean, estilo eta konbinazio ezberdinetako bikote eta taldeak; doinu eta aire berriak entzuteko aukera izango dugu benetako euskal giro jatorrean", gaineratu dute.
Jaialdian honako musikariek parte hartuko dute: Arkaitz Allurrek, Izerrek, Alabierrek eta Antton Sarobek; Epeldek eta Lutxurdiok, Laja II.ak eta Aritz Garmendiak; Andoni Oruesagastik eta Uxue Kerejetak; Enaitz Alberdik eta Julen Ruedak; eta Alaitz Rotetak eta Olatz Zubimendik.
Trikitiaz gozatzeaz gain, nahi duenak Probalekuan bertan afaltzeko aukera ere izango du 21:00etatik aurrera, Euskal Parrillaren eskutik otorduak emango baitituzte Probalekuan bertan.
Sarrerak ostegunetik aurrera
Sarrerak Internetez nahiz Kultur Etxean (943-13 09 24) hartu ahalko dira, ostegun honetatik aurrera (hilak 21).
Jaialdikoak hamar euroan daude salgai, eta afarikoak, berriz, 25 euroan.