Euri langarra eta, batez ere, lokatza izan dira protagonista Aiako IV. Mendi Duatloian. Gogoko tokian aldaparik ez, ordea. Parte hartzaileek gogoz eutsi diote ia 20 kilometroko ibilbideari aurre egiteko erronkari, 6,21 kilometro korrika eta 13,2 kilometro mendiko bizikletan, nahiz eta eroriko ugari izan diren eta hainbat zatitan bizikleta eskuan ere eraman behar izan duten. Azkenean, helmuga zeharkatzen lehena Unai Mateos ugaotarra izan da gizonezkoetan eta Maddi Olaetxea usurbildarra emakumezkoetan. Aiako proba, gainera, Euskal Herriko Txapelketa jokatzeko baliatu dute, eta, beraz, aipatu biak dira aurtengo Euskal Herriko txapeldunak.
Edonola ere, helmugara iristen lehendabizikoak binaka errelebotan lehiatu direnak izan dira. Haimar Etxeberria eta Jon Morillo irundarrek osatutako bikoa izan da garaile, 01:30:02ko denborarekin, eta minutu bat geroago, Koldo Herrera eta Dani Iparragirre sunbillarrak ailegatu dira lerrora; hirugarren postua Alex Gaztañeta eta Aritz segurola asteasuarrentzat izan da, irabazleengandik bost minutura. Guztira, 33 bikotek osatu dute bikotekako proba.
Bakarkako modalitatean, 51 lagunek bukatu dute aurten Andatza auzoan jokatu den duatloia. Gizonezkoen artean, lehia bizia izan dute hasiera-hasieratik lehenengo postuetan kokatu direnek. Lasterketa aurrera joan ahala, Unai Mateos eta Eneko Gurrutxaga amasarra orpoz orpo ibili dira, eta, azkenean, ugaotarrak zertxobait gehiago estutu du. Horri esker, 35 segundoko aldearekin irabazi du (01:35:11). Gurrutxaga bigarren izan da, eta hirugarren Adria Noguera katalana geratu da, ia minutu bat galduta.
Emakumezkoetan, berriz, Maddi Olaetxea buru izan da proba osoan zehar, eta nagusitasunez irabazi du, 02:08:15eko denbora eginda. Haren atzetik sailkatu dira, hurrenez hurren, Nekane Pradera gasteiztarra, ia hogei minutura, eta Ainhoa Marquinez idiazabaldarra, 25 minutura.
Sailkapenak ikusteko klikatu gainean.