Dena prest da Aiako IV. Mendi Duatloirako

Onintza Lete Arrieta 2024ko urr. 22a, 13:00

Ezkerretik hasita, Kirolzale elkarteko IƱigo Viana, Josu Urrestarazu, Hairz Erasun, Maite Urteaga, Miriam Sarasola Aiako alkateordea eta Gaizka Iruretagoiena. (Utzitakoa)

Proba Andatza auzoan hasi eta amaituko da, eta 21 kilometro inguru izango ditu. Izen-emateak irekita jarraitzen du kirolprobak.com helbidean, eta 20 euro balioko du bakarka parte hartzeak, eta 30 euro, berriz, binaka errelebotan jarduteak.

Balio bikoitza izango du larunbatean 15:30ean jokatuko den IV. Aiako Mendi Duatloiak. Izan ere, Euskal Herriko Mendi Duatloi Zirkuituaren laugarren proba puntuagarria izateaz gain, Euskal Herriko Txapelketa ere izango da. Hortaz, "Euskal Herriko espezialistarik onenak" espero dituzte antolatzaileek bertan.

Abuztu hasieratik daramate antolatzaileek proba prestatzen, egunean bertan dena ahalik eta hobetoen ateratzeko: "Euskal Herriko txapelketa urtero lurralde batean egiten da, eta aurten Gipuzkoan tokatzen zen. Gure burua aurkeztu genuen Aian egiteko eta maila handiko txapelketa izanik, jende gehiago erakarri nahi genuelako", azaldu du Haritz Erasun antolatzaileak.

Proba Aiako Andatza auzoan hasi eta amaituko da. 21 kilometro inguru izango ditu ibilbideak: lehen sektorea, hiru itzulitan korrika egitekoa, 6,21 kilometro eta 275 metrotako desnibel positibokoa. Mendi bizikletaz osatu beharreko sektoreak 13,2 kilometro izango ditu, hori ere hiru itzulitan egin beharrekoa izango da, eta 642 metroko igoera edukiko du.

Lasterketan zehar, helmugatik pasatzen diren bakoitzean anoa postua izango dute zain parte hartzaileek.

Izen-emateak irekita jarraitzen du kirolprobak.com helbidean, eta 20 euro balioko du bakarka parte hartzeak, eta 30 euro, berriz, binaka errelebotan jarduteak. Ohi bezala, partaide bakoitzak opari poltsa jasoko du kamiseta, barrita energetiko eta sagardo botilarekin. Gainera, zozketak ere egingo dituzte kirolarien artean.

Antolatzaileek, kirol probatik harago, "Aia ingurua ezagutuz egun pasa eder bat pasatzeko" modua eskaini nahi dute, eta "Aristerrazuko plaza ezaguna bertan egonda", zuzeneko musika emanaldia egongo da DJ Bonen eskutik. Lasterketa hasi aurretik, gainera, barra zabalik egongo da bertaratzen diren guztientzat. Eransunek azaldu du "diziplina honetan jendea erakartzea kosta" egiten dela. Hala eta guztiz ere, gehitu du izen emateak "oso ondo" doazela, baina egunean bertan "jende gehiago apuntatzea" ere espero dutela. 

 

 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide