Aiako Udalak irmoki salatu ditu Iturriotz-Azpin agertutako pintaketak

Onintza Lete Arrieta 2024ko urr. 22a, 08:30

'Etorkinak kanpora' irakur daiteke pintaketetako batean. Lauburuaren ikurra ere badu ondoan. (Aiako Udala)

Ostegunean jakinarazi zuten mezu xenofoboak agertu direla Aiatik Asteasura bideko errepidean. Jon Ander Azpiroz Aiako alkateak kezka agertu du mezuek izan dezaketen eraginagatik, baina argi utzi du ez dutela halako jarrerarik onartuko, eta jakinarazi du udalean mozio bateratua prestatzen ari direla, eta ez dutela baztertzen beste ekintzaren bat egiterik.

Etorkinen aurkako mezu xenofoboak agertu dira Aiatik Asteasura bideko errepidean zehar margotuta, Iturriotz-Azpi inguruan. Ostegunean prentsa ohar bidez egin zuen salaketa LABek, eta Aiako Udalak ere oharra argitaratu du. Hain justu, jokabide arazo larriak dituzten nerabeei laguntza intentsiboa emateko egoitza bat dago han inguruan.

Aiako Udalak ohar bidez esan du Gobernu Batzordean gaia aztertzen hasiak direla Aiako Udala osatzen duten alderdi politikoak, eta kezka agertu du Jon Ander Azpiroz alkateak: "Arduratuta gaude, gure udalerriko errepide batean, etorkinen aurka agertu diren pintaketa nazkagarri eta mespretxagarri hauengatik, anonimotasunez eta koldarkeriaz eginiko zikinkeria hauek ez baitute inondik inora Aiako biztanleriaren sentimendurik adierazten". Mezuek izan dezaketen eraginagatik ere kezka agertu du: "Eraso hauek euskaraz eginak egoteak eta ikur abertzaleen (lauburua) ondoan agertzeak kezka eragiten digu, euskaldunengan mezuak barneratzea baitu helburu eta mundu abertzalean, gisa honetako jarrerak sortzeari bide ematea".

Udalak jakinarazi du mozio bateratua prestatzen ari direla gertaera hau salatzeko, eta ez dute baztertu ekintza gehiago egitea. "Ez dugu gure historian oso atzera egin behar jakiteko herri honetan ere asko bere aberria atzean utzi eta etorkin izan zirela, hemen errepresioa pairatzen zutelako. Errepresio horren arrazoi nagusia zen bere herria maitatzen zutenez euskara erabiltzen zutela edo abertzaleak zirela. Euskaldunok, gure historiagatik, herri bezala irekiak eta abegikorrak izan behar dugu, lau haizetara", esan du Azpirozek. Eta gaineratu du ez direla isilik eta ezer egin gabe geldituko: "Horrelako jarrera dituenak aurrean edukiko gaitu. Ez dugu honelako mezurik onartuko, ez hizkuntza honetan, ez herri honen izenean, ez abertzaleon izenean".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide