Abian da Aiako XVIII. Argazki Lehiaketa

Onintza Lete Arrieta 2024ko ira. 29a, 15:00

Herritar bat, Aiako argazki lehiaketako lanei begira.

Gaia librea izango da, baina herriarekin lotura eduki beharko du, nahitaez. Sariak epaimahaiak emango ditu, baina herritarren botoek erabakiko dute zer argazkik osatuko duten 2025eko horma egutegia.

Aiako Udalak hemezortzigarren urtez antolatu du Aiako Argazki Lehiaketa, eta bihar, astelehena, amaituko da bertan parte hartzeko aukera. Aiako kultur etxean aurkeztu behar dira argazkiak, eta lehiaketako argazkiekin osatuko du gero udalak 2025eko horma egutegia.

Gaia librea da, baina Aiarekin lotura eduki beharko du. Lehiaketan parte hartzeko ez dago adin mugarik, baina argazkiek orijinalak izan behar dute, hau da, lehendik argitaratu edota lehiaketetara aurkeztu gabekoak.

Parte hartzaile bakoitzak gehienez lau argazki aurkeztu ahalko ditu, koloretan edo zuri-beltzean. Gainera, argazkiek iaz edo aurten ateratakoak izan behar dute, eta pendrive batean eta argazkietako paperean aurkeztu behar dira, 30x20 zentimetrotako neurrian eta formatu horizontalean. Argazkiak (bakoitzak bere titulua atzean duela) gutunazal batean aurkeztu behar dira eta, barnean, parte hartzailearen izen-abizenak, nongoa den, harremanetarako telefono zenbakia, posta elektronikoa, argazkiaren izenburua eta ateratako data jarri beharko ditu.

Egutegiko argazkiak, herritarren botoekin

Ohi bezala, bi sari multzo egongo dira, bat Aian erroldaturikoei zuzendua, eta bestea, erroldatu gabekoei zuzendua. Sariak kopuru berekoak izango dira: aurrenekoak 200 euro jasoko ditu, bigarrenak 170 euro, eta hirugarrenak, azkenik, 120 euro.

Sarituak ez direnen partaideen artean, berriz, otarra bat zozkatuko du udalak.

Lehiaketan parte hartzen duten argazki guztiekin erakusketa zabalduko du udalak kultur etxean, eta herritarrek erabakiko dute, beren botoekin, erakusketako zer argazkik osatuko duten 2025eko horma egutegia.

Udalak gogorarazi du lehiaketara aurkeztutako argazkiak bere esku geratuko direla, eta udalak horiek erabiltzeko, erreproduzitzeko eta hedatzeko eskubidea izango duela, egilearen izena aipatuz.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide