Satorrak Kultur Elkartea: "Gure lorpena jaialdia egiteko kemena izatea da"

Julene Sorarrain 2024ko ira. 20a, 10:30

Mol Porrone eta Leo Ortelli Satorsonic jaialdiko kartela aurkezten. (Satorrak Kultur Elkartea)

Urriaren 12an iritsiko da Satorsonic rock jaialdia Aiako Probalekura .Sarrerak salgai daude jada jaialdiaren webgunean, baita Iturriozena eta Jauregi tabernetan ere.

Aian Satorsonic jaialdia antolatzearen ideia orain dela urte eta erdi bururatu zitzaion Leo Ortelli herritarrari. "Pandemia amaitzear zegoen, eta Errenteriako [Gipuzkoa] Lie Detectors taldea ikustera joan nintzen Intxaurrondoko Kultur Etxera. Ez nituen ezagutzen, eta egia esan, txundituta geratu nintzen. Momentu hartan pentsatu nuen lehenengoz: 'Nik talde hau herrira ekarri nahi dut'". Helburu hori abiapuntutzat hartuta, Satorrak kultur elkartea sortu zuten eta jaialdia antolatzen hasi ziren.

Urriaren 12an ospatuko den rock festan hainbat talde entzuteko aukera izango da, besteak beste, Black Magic Six, The Smoggers edo Los Paniks. DJ gonbidatuak ere izango dira bertan, Cosmetic Couple, Hombre Cohete, Mr Klin eta Nokono, hain zuzen. Musika emanaldiez gain, Juxe Areta Goñiren Black irudi faktoria argazki erakusketa ere ikusgai egongo da. Antolatzaileek satorra aukeratu dute jaialdiaren maskota bezala, "sator rockeroa", hain justu ere. Arrazoia? Lie Detectorseko abeslarian oinarritu dira. "Berdin-berdinak dira!", gehitu du Ortellik.

Musikaren mundua "harremanetan oinarrituta" dagoela azaldu du antolatzaileak, baita musika gustuetan ere: "Gai honen zailtasun handiena bati gustatzen zaizkion talde eta abeslari guztiak leku eta egun berean batzea da". Hori horrela, "zorte ona" izan dutela azpimarratu du taldeekin harremanetan jartzeko orduan. Esaterako, Bilboko Los Paniks taldeko Alberto beren elkartera batu da eta haren bitartez lortu dute taldea jaialdira ekartzea. "Lie Dectectorsen atzetik ere denbora asko ibili ginen. Sevillako [Espainia] taldea, The Smoggers, jaialdi batean ikusi nuen orain dela urte batzuk... Nola jarri gara harremanetan haiekin? Ahal den moduan! Hori bai, sare sozialek asko erraztu digute prozesua".

Jaialdiaren ordutegiaren barruan, Oriotik nahiz Zarauztik joan-etorriak egiteko autobus zerbitzua eskainiko dute, herritarrak "lasaiago" senti daitezen. Probalekuan bertan, Nokono biniloak eta merchandising-a saltzen ariko da: "Mundu honetan ibiltzen garenok binilo bildumazaleak gara, eta garrantzitsua iruditu zaigu zerbitzu hori ematea". Satortxosna ere bertan izango da, etortzen direnek edatekoa nahiz jatekoa izan dezaten.

Satorrak kultur elkartea

Ortellik –jatorriz argentinarra–hamabost urte daramatza Aian bizitzen. Jaialdia egitearen ideia hark izan zuen, eta apurka-apurka, beste parte hartzaileak gehitzen joan dira antolakuntza taldera: "Udalak eskaintzen dituen ekitaldiez gain, proposamen alternatiboago bat ekarri nahi genuen herrira, eta horregatik sortu dugu Satorrak kultur elkartea". Antolatzaileek aditzera eman dute ez dela inoiz «horrelako jaialdirik» antolatu inguruan: "Zarautzen, esaterako, ekitaldiak antolatzen dituzte gaztetxean, baita Orion ere. Baina tamaina honetako festa ez da inoiz egin hemen; beraz, ilusio handia dugu". Jaialdirako aste gutxiren faltan, beren "lorpena" jaialdia egiteko "kemena" izatea dela erantsi dute. Hori bai, elkarte irekia da, eta jende gehiago batzea lortu nahi dute, denetariko ekitaldiak sortzen jarraitzeko.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide