Finalaren atarian gelditu da Aia Herriartekoan

Onintza Lete Arrieta 2024ko eka. 21a, 16:00

Artxiboko irudian, gomazko paletako partida bat.

Atzo jokatu zituzten Herriarteko gomazko paleta txapelketako finalerdietako itzuliko partidak Astigarragan, eta joanekoan bezala, itzulerakoan ere nagusi izan dira astigarragarrak.

Finalaren atarian gelditu da Aia Herriarteko gomazko paleta txapelketan,  joanekoan hiru partidatik bi galduta eta itzulerakoan hirurak galduta Astigarragaren aurka.

Atzo arratsaldean Astigarragako Txomiñenen neurtu ziren bi herrietako pilotariak, eta aiarrek ezin izan zuten aurkariaren kontra: aurreneko partida estua joan zen, baina Astigarraga nagusitu zen 20-18 –joanekoan Aldalur aiarra nagusitu zen 20-17–; bigarren partida 20-13 amaitu zen, hori ere Astigarragakoen alde; eta baita hirugarrena ere, 20-17 markagailuarekin.

Lan ona egin dute aiarrek txapelketan, eta Aiako Udalak autobusa ere jarri zuen atzo etxekoak animatzera joateko, baina oraingoan finala harmailetatik ikusi beharko dute pilotariek. Honakoak aritu dira Aiaren izenean lehian: Aldalur, Aranberri, Zubilaga eta Lizaso.

Beste finalerdia bihar jokatuko dute Donostiak eta Mutrikuk, eta orduan jakingo da zer herrik jokatuko duen finala Astigarragaren kontra.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide