Haur, gazte eta helduentzat pala txapelketa mistoa antolatu dute Aian, hirugarren urtez jarraian. Txapelketa bi kategoriatan banatuko da; 14 urte bitartekoak ariko dira alde batetik eta 15 urtetik gorakoak bestetik. Eta Gabonen inguruan izango da; abenduaren 18ko astean hasi eta urtarrilaren lehenengo astera arte iraungo du.
Izen-ematea ireki dute dagoeneko. Palan jokatzeko interesa dutenek, abenduaren 5a baino lehen eman beharko dute izena; Aiako Kultur Etxean, 943-13 09 24 telefono zenbakira deituta, edo aiakoke20@gmail.com e-postara idatzita.
Bikoteka nahiz banaka eman ahal izango da izena, baina bikoteko kideren batek Aian erroldatua egon beharko du txapelketan parte hartzeko. Dena dela, antolatzaileek jakinarazi dute, txapelketa egokia antolatzeko helburuarekin, antolatzaileek bikoteak edo kategoriak aldatzeko aukera izango dutela.
Parte-hartzaile guztien artean hainbat opari zozkatuko dituzte, baina txapeldunak eta txapeldunordeak zozketatik kanpo geratuko dira, horiek beren sariak izango dituztelako.