Alde Zaharra oso-osorik, baina Sanjuaniturriko plazatxoa bereziki maite duela dio Iñaki Oreja (Zumaia, 1957) margolariak. Izan ere, jaiotzatik ondo ezagutzen duen txokoa da hura margolari zumaiarrarentzat. "Ni Harategi kalean jaio nintzen, 9. zenbakian, eta asko maite dut inguru hau guztia", dio aulkian eserita, mantalean duen txakur txikia ferekatu eta zigarro bat erretzen duen bitartean. Alde Zaharreko bihotzean kokatzen den Orai Atelier espazioa zabaldu berri du artistak. "Orai izena nire bi abizenengatik jarri diot: Oreja Aizpurua; eta Atelier frantsesezko hitz bat da. Hau ez da arte galeria bat; nire lanak egiteko erabiliko dudan tailerra da, baina, aldi berean, egindako lanak ere erakutsi nahi nituen", dio zumaiarrak.
Ez du oso urrutira joan behar izan Orejak lanerako espazio bat izateko, aurrez ere plazatxo horretan bertan beste lokal bat izan zuelako. Orduan, Garbiñe Arrieta zumaiarrarekin partekatu zuen espazioa, duela hamarkada batzuk Sorazu denda egon zen leku berean. "Kale aldaketa bat izan dela esan daiteke: espazio hura Harategi kalean zegoen, eta hau San Pedro kalearen hasieran", dio Orejak.
Garai hartan alokairuan egon ziren biak; orain, baina, lokala erosteko hautua egin du Orejak. "Urtebete baino gehiagoan eraikineko fatxada berritzen aritu ziren, eta denbora horretan etxean margotu behar izan nuen. Lanak amaituta lokalera bueltatu ginenean, Garbiñek esan zidan beste leku bat aurkitu zuela eta hara lekualdatuko zela", gogoratu du Orejak. Lokal hartan jarraitzeak alokairua berak bakarrik ordaintzea zekarren, eta "dirutza" kostatzen zela nabarmendu du. "Orduan ikusi nuen [orain espazioa zabaldu duen] eraikina berritzen ari zirela, eta erabaki nuen hango lokal batean espazioa zabaltzea".
Koloreak protagonista
Tailerra izateaz gain, bere artelan abstraktuak erakusteko lekua du Orai. "Ez nuen inoiz pentsatuko nire lanak erakusteko espazio bat izango nuenik", adierazi du. Baina, aldi berean, ez du baztertzen egunen batean beste artista batzuei ateak irekitzea eta espazioa partekatzea.
Arte abstraktuaren bueltan lan egin izan du Orejak 2020ko hamarkada honetan. "2019. urte amaieran egin nituen lan batzuk, baina 2020tik hona egin ditut lan gehien", dio. Formek edo elementu figuratiboek baino, bere lanean koloreek dutela protagonismoa esan du Orejak. "Mihisearen aurrean jartzen naizenean, buruan bueltaka izaten dut zer kolore erabiliko ditudan koadroa egiterakoan".
Mihisea mahai gainean horizontalean jartzen du, eta hala moldatzen da "margoak mihisearen gainera ez erortzeko". Behin aukeratutako pinturak mihiseko leku desberdinetan jarri eta gero, espatulen bidez –izan horiek egur, plastiko edo pertsianen zatiak– margoak zabaldu eta nahasten ditu nahi duen irudia lortzeko. "Amaieran, mihisea astoan jartzen dut, eta atzealdea margotzen dut, erabili ditudan margo eta kolore guztiak nahastuta".
Madrildik Munichera
Urriaren amaieran Munichen (Alemania) egingo duten Artmuc nazioarteko arte azokan parte hartuko du Iñaki Orejak, Madrilgo Gaudi arte galeriaren bitartez. "Berez, Bartzelonako arte galeria bat da, baina Madrilen sukurtsal bat du, eta haren bidez erakutsiko ditut nire lanak Munichen". Hara hiru lan eraman ditzakeela jakinarazi du margolariak. "Horietako bat nik aukeratutakoa izango da, eta beste biak galeriako kideek hautatuko dituzte". Dagoeneko bere partea egin du Orejak, eta erabaki du zer lan bidaliko duen. "Beraien erabakiaren zain nago orain", erantsi du.
Munichera eraman bitartean, obrak Madrilgo aretoan erakutsiko dituzte. "Han erakutsiko dituzte uda sasoian zehar, eta haietakoren bat salduko balitz, besteren bat bidali beharko nuke hemendik". Azokak hiru eguneko iraupena izango du; urriaren 23an, 24an eta 25ean egingo dute.
Urte bukaeran, berriz, Azpeitian egiten duten arte jardunaldi batean ere izango dela iragarri du Orejak.
Bitartean, eguna joan, eguna etorri, Alde Zaharreko bihotzean jarraituko du lanean. "Normalean, egunero egoten naiz hemen eta ateak zabalik izaten ditut; ez dit axola lanean ari naizela jendea hartzeak", nabarmendu du.