Espainiako Olinpiar Batzordeak banatzen duen domina jaso zenuen maiatzean. Bigarrenez, gainera. Zer balio du zuretzat horrelako aitortza bat jasotzeak?
Kirol munduan horren garrantzitsua den erakunde batek horrelako aitortza egitea sekulako ohorea da niretzat. Ez da batere erraza, zeren domina hori jasotzeko Europako edo nazioarteko txapelketetan podiumean egon behar zara maila absolutuan. Nire kasuan, bigarrena da, lehenengoa 2019an eman zidaten, eta oso pozik jaso dut.
Iaz Europako Txapelketan Eva Barriosekin batera K2 kategorian brontzea lortu zenuelako jaso duzu domina. Hain zuzen, bigarren postua lortu zenuen Barriosekin igandean Zamoran (Espainia) jokatu zenuten Espainiako Maratoiko Txapelketan, eta horri esker, Europan lehiatzeko txartela lortu duzu beste behin. Zer sentsazio izan zenituen igandean?
Binakako proban ez nituen oso sentsazio onak izan. Nahiko okerrak joan ginen piraguan, eta konturatu gara lan asko dugula egiteko Europako Txapelketaren aurretik. Hilabete honetan saiatuko gara lan hori ondo egiten, Europako Txapelketan ahalik eta emaitza onenak lortu ahal izateko.
Hala ere, Eva Barriosekin osatzen duzun bikotea indartsu ikusten duzu Errumanian jokatuko duzuen Europako Txapelketari begira?
Espainia mailan, maila oso ona dugu biok kanoan. Barrios ni baino zaharragoa da eta esperientzia handia du piraguismoan, pistan nahiz maratoian. Uste dut bikote polita osatzen dugula, eta gogotsu gaude Europan zer egin dezakegun ikusteko. Larunbateko bakarkako proban ere zilarra lortu zenuen, Barriosengandik 89 ehunenetara helmugaratuta. Txapelketa guztian pare-parean ibili ginen Barrios eta ni; maila antzekoa dugu. Azkenengo piragua-garraiotik ni atera nintzen lehena, eta esprintean amaitu genuen biok. Segundo baten aldearekin amaitu nuen.
K1ean ere erdietsi zenuen Europara sailkatzea, eta beraz, banakako proban zure aurkaria izango da Barrios. Hura garaitzeko aukerarik ikusten al duzu?
Bakoitzak bere gaitasunak ditu; erritmo aldetik, agian, ni indartsuagoa naiz, eta bere abiadura puntu gorena nirea baino handiagoa da. Lasterketa guztiak desberdinak dira, eta bakoitza bere estrategiarekin joango gara. Nazioarteko txapelketetan gauzak asko aldatzen dira urtetik urtera, eta beraz, bakoitzak ahalik eta ondoen erakutsi beharko ditu bere gaitasunak.
"Kirol honetatik ezin dut bizi; horregatik, goi mailako kirolak eskatzen didan hori guztia lanarekin uztartu behar dut egunerokotasunean"
Zer espektatibarekin zoaz Errumaniara?
Gogo eta ilusio handiarekin begiratzen diot txapelketari, iruditzen zait maila ona erakusteko gai izango naizela. Aurreko urtean domina lortu genuen, eta ez dakit aurten ere horrela izango den, baina horixe da gure helburua, domina lortzea. Izan ere, lortuko bagenu, Munduko Txapelketara sailkatuko ginateke zuzenean; bestela, Espainia mailako beste hautapen proba bat gainditu beharko genuke abuztuan. Horregatik, gure helburua ez da domina lortzea bakarrik, Munduko Txapelketara joateko txartel zuzena lortu nahi dugu.
Hamargarrenez lehiatuko zara Europan, eta berdin Munduko Txapelketan, sailkatzea lortuko bazenu. Nola lortzen duzu konstantzia hori?
Nire egunerokotasuna ez da erraza. Piraguismoa, zoritxarrez, kirol minoritarioa da, eta laguntza ekonomikoak oso urriak dira. Zorionez, inguruko babesle batzuk ditut, eta oso eskertuta nago beraiekin. Baina kirol honetatik ezin dut bizi; horregatik, goi mailako kirolak eskatzen didan hori guztia lanarekin uztartu behar dut egunerokotasunean. Ez da erraza; txapelketetara joateko jai eskatu behar dut, adibidez.
Irakaslea zara Zumaiena ikastolan. Esan duzunagatik, piraguismoak bizitzeko emango balizu, horrekin bakarrik geratuko zinateke?
Txikitatik lanak duen garrantziaz jabetzen irakatsi didate gurasoek, eta kirolari ona izan arren, kirol ibilbide batean gauza asko gerta daitezke. Lesionatu zaitezke, gerta daiteke emaitzak ez izatea espero bezain onak asko entrenatuta ere... Ikasketen eta etorkizunean lan on bat izatearen garrantzia ulertarazten saiatu dira gurasoak beti, eta hortik egin dut bidea; kirolaz aparteko etorkizunean asko pentsatu izan dut txikitatik. Argi nuen zer izan nahi nuen, eta zortez, herrian lan egiten dut, Zumaiena ikastolan. Nire lana pila bat gustatzen zait, eta kirolari esker txikitatik barneratuta izan ditudan esfortzua, ahalegina eta pertseberantzia nire ikasleei transmititzen saiatzen naiz. Gainera, askotan lanak on egiten dit, zeren kirolean emaitzak ez badira nahi dituzunak, badakit astelehenean lanera joango naizela eta nire bizitzak aurrera jarraitzen duela. Une batzuetan presioa kentzen laguntzen dit.
Domina asko pilatu dituzu zure ibilbidean. Presioa eragiten dizu horrek, ala segurtasuna ematen dizu?
Batzuetan esperientziarekin lortzen den segurtasun puntu hori ematen didate, baina beti izaten dut urduritasuna lehiaketa bat hasi aurretik. Emakumeen kirola, zorionez, gero eta profesionalagoa da, eta Espainian maila oso-oso ona dago piraguismoan; munduko onenetakoa, esango nuke. Nire lehiakideak oso ondo prestatuta daude, eta horrek ni ere ondo prestatzera bultzatzen nau; derrigor egin behar dut txapelketetan emaitza onak lortu nahi baditut.
Europako eta munduko txapelketetatik begirada altxatuta, zeintzuk dira epe luzerako dituzun helburuak? Zerekin egiten duzu amets?
Gustatuko litzaidake urte batzuetan kirola egiten jarraitzea. Baina adinean aurrera noa eta nire helburuetako bat familia sortzea da. Beraz, tarte batez gelditu beharko naiz, ez dakit zenbat denbora izango den, baina ahalik eta gutxiena izan dadin saiatuko naiz. Mezu hori ematea inportantea dela uste dut: haurdunaldia eta gero, emakumeak bueltatu gaitezke goi mailako kirolera. Hori eta gero etor daitekeenaren inguruan ez dut gehiegi pentsatzen. Etortzen den horri helduko diot, baina beti gustatu izan zait kirola, behar dut eta on egiten dit, beraz, uste dut beti egongo naizela piraguari eta kirolari lotuta.
Zer garrantzi izan du Itxas Gain klubak zure ibilbidean?
Gurea klub txiki bat da, ez ditu beste klub askok dituzten baliabideak. Baina familia ere beti ondoan izan dut; nire aita arduratzen da entrenamenduak prestatzeaz, zorte handia dut alde horretatik, berak inork baino hobeto ezagutzen bainau. Nire kirol ibilbidea aitak erakutsitako horretan oinarritu da, bera Itxas Gaineko entrenatzailea izan da urte askoan, ekarpen handia egin dio klubari, eta zorionez, bere ikaslea izan naiz ni ere.