Musika elektronikoko Dantz Point jaialdia hartuko du uztailaren 11n Itzurunek

Juan Luis Romatet 2026ko ekainaren 4a

Dantz Point jaialdiko antolatzaileak, atzo Donostian egindako agerraldian. (Gipuzkoako Foru Aldundia)

Musika elektronikoa, ondarea, paisaia eta komunitatea uztatzea du helburu proposamenak. Guztira, bost hitzordu antolatu dituzte lurralde mailan, eta lehena Zumaian izango da, uztailaren 11n.

Iaz egin bezala, DJak lanean ikusteko aukera izango da aurten ere Zumaian, zehazki, Itzurun hondartzan. Gipuzkoa mailan egingo den Dantz Point musika elektronikoko jaialdi ibiltariak geldialdia egingo du uztailaren 11n, Zumaian. Hala iragarri zuten atzo Donostian egindako agerraldian. 

2025eko edizioak izandako arrakastatik abiatuko da aurtengo jaialdia ere. Hori hala izanda ere, "lurralde proiekzio, kultura ikusgarritasun eta eragin sozial handiagoko" programazioa ondu nahi izan dutela adierazi dute aurkezpenean. Azken urteetan egin duten proiektu horren asmoa "espazio publiko, patrimonial eta naturalak aktibatzea eta berraktibatzea" dela azaldu dute, "ingurunea errespetatzen duten eta jasangarritasuneko irizpideekin, herritarren bizikidetzarekin eta parte-hartze kolektiboarekin uztartzen diren esku-hartzeen bidez".

Jokin Telleria Dantzeko zuzendariak azaldu duenez, bera buru duen elkartearentzat "oso garrantzitsua da aire zabaleko espazioak aktibatzen jarraitzea, musika elektronikoak ondarearekin, paisaiarekin eta komunitatearekin hitz egin dezan, askatasun modu berriak sortuz eta kultura lurraldetik esperimentatuz".

Zumaia, lehen geltokia

Aurtengo edizioak bost geldialdi edo esperientzia proposatuko du lurraldean zehar, eta horietatik lehena Zumaian egingo da, zehazki uztailaren 11n Itzurun hondartzan, N97 kolektiboarekin elkarlanean garatutako programazioarekin. Zumaiako hitzorduak Aimar, Biggie, Chapy, Irune Muguruza eta Jotak osatutako lineup-a izango du. Antolatzialeek nabarmendu dutenez, iazkoa jende gehien bildu zuen hitzorduetako bat izan zen. "Dantz Point inguru honetara itzuliko da, balio paisajistiko, sinboliko, zientifiko eta kultural apartekoa baitu", nabarmendu dute.

Gainerako lau jaialdiak abuztua eta urria artean egingo dituzte. Abuztuaren 14ean Donostian izango da, Aste Nagusiaren barruan; irailaren 19an Arrasatera (Gipuzkoa) iritsiko da, Monterron parkera; irailaren 26an Mendilorealdea "aktibatuko du" Errenterian (Gipuzkoa); eta sekuentzia urriaren 3an amaituko da, Donostiako Hipodromoan.

Horiekin batera, abuztuaren 28an eta 29an Dantz Festival jaialdiaren hamargarren edizioa egingo dute Donostian. 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide