Nagusilan, zahartzaroan bidelagun

Maddi Txintxurreta 2026ko ekainaren 3a

Ignacio Gainza, Maria Luisa Ubera eta Jose Luis Elosua. (M. Txintxurreta)

Adineko pertsonen bakardadea arintzeko asmoz hasi zuen bidea Nagusilanek duela 25 urte.

2001. urtea zen Donostian sei urte lehenago sortu zuten Nagusilan taldeko zortzi bat kidek Zumaiako Hogarreko atea jo eta orduan jubilatuen elkarteko presidentea zen Jose Luis Elosuarekin (Santoña, Espainia, 1936) topo egin zutenean. Azaldu zioten adineko pertsonen bakardadea arintzeko helburuarekin jarduten zuten boluntarioek osatzen zutela Nagusilan, Ameriketako Estatu Batuetako adinekoen boluntariotza sustatzeko programa (The Retired and Senior Voluntary Programme) zutela inspirazio iturri, eta lurraldeko herri desberdinetara zabaldu nahi zutela egitasmoa. Beheko Plaza elkarteko presidenteari –harrezkero, hamazazpi urte zeramatzan karguan– "ikaragarri" gustatu zitzaion Donostiakoek azaldutako ideia, eta berehala eraman zuen jubilatuen elkarteko zuzendaritzara herrian Nagusilaneko taldea sortzeko proposamena. Zuzendaritzako kideek Elosuak aurkeztutakoa onartu zuten, eta ez hori bakarrik, Nagusilaneko boluntario izateko konpromisoa hartu zuten guzti-guztiek. Horrela hasi zuen bidea Zumaiako Nagusilanek duela 25 urte.

Horrenbeste liluratu zituen Elosuak proiektuarekin erakutsitako grinak, Nagusilan orokorreko presidente izendatu baitzuten gutxira. "Nirekin enamoratu ziren!", ziurtatu du zumaiarrak, barrez. Geroztik, eta erakundeko presidente gisa lan egin zuen hamabost urteetan, Nagusilan herriz herri zabaltzen, hitzaldiak ematen eta erakundeekin hitz egiten –udalekin, aldundiekin, Eusko Jaurlaritzarekin... baita Espainiako erregearekin ere– jardun zuen, hasieratik finkatu zituen hiru premisari fidel: "Adineko jendea ahalik eta denbora gehienean etxean bizi dadin nahi dugu, eta egoitzak txikiak izatea, gehienez ere 50 pertsonarentzako, arreta pertsonalizatua eman ahal izateko. Azkenik, erakundeei exijitzen diegu ez dezatela adinekoekin lotutako ezer egin gu kontuan izan gabe".

Oinarri horiekin lan egiten du zuzendaritzak, baina sinpleagoa da Nagusilanen helburu funtsezkoena: adineko pertsonen nahi gabeko bakardadeari aurre egitea. Maria Luisa Ubera (Zarautz, 1942) eta Ignacio Gainza (Zumaia, 1946) dira Zumaian itu horren alde lanean jarduten duten lagunetako bi, guztien artean –27 dira Zumaian– beteranoenak: hogei urtetik gora daramatzate Nagusilanen. Haiek kontatu dutenez, taldeak Zumaian bidea hasi eta gaur arte, erresidentziara –garai batean San Juan egoitzara, hura baitzen herriko bakarra, eta orain Otezurira ere bai– eta beharra duten adinekoen etxeetara joaten dira boluntarioak, eta taldeko jarduerak –bingoa, antzerkia, korua, afariak, Tipi-tapa adinekoentzako ibilaldiak gidatzen dituzte 2012az geroztik...– nahiz bakarkako bisitak egiten dituzte beraiekin. Konpainia eta alaitasuna eramaten dizkiete horretarako beharra duten pertsonei, eta segurtatu dutenez, esker ona jasotzen dute trukean.

Alta, Uberak nabarmendu duenez, azken 25 urteetan aldatu egin da Nagusilanen lan egiteko modua, gizartea ere aldatu denez. Adibidez, gaur egun bizpahiru boluntariok besterik ez dituzte etxeetara bisitak egiten, aitzitik, egoitzetan jarduten dute gehienek, eta Uberak ziurtatu duenez, gizartearen zahartze progresiboak eragina du egoitzetako errealitatean: "Orain jendea askoz zaharrago sartzen da erresidentzian, fisikoki eta mentalki askoz okerrago daude". Horregatik, pertsona bakoitzari egokitutako laguntza eskaintzen dute Nagusilaneko boluntarioek.

Aurrez aurreko arretaren kasuan, boluntario bakoitzak zuzendaritzak esleitu dion pertsona bati bisitak egiteko ardura izaten du. Gainzak, adibidez, Otezurin zeuden senar-emazte batzuekin izan zuen harreman hori. "Paseatzera joaten ginen, taka-takarekin laguntzen nien. Bi seme zituzten, baina gutxi etortzen ziren. Txisteak egiten genituen, eztabaidatu egiten genuen...", azaldu du. Ubera, berriz, bost emakumerekin izan da. "Bisita gutxi izaten zituzten. Baten bat alarguna zen, seme-alabarik ez zuen, eta besteren bat ezkondu gabekoa. Beraientzat oso garrantzitsua zen jakitea astero-astero bisitan joango nintzela. Akordatzen naiz lehenengoak 95 urte zituela, eta ni bisitan joaten hasi eta sei hilabetera hil zen. Beste emakume bat etorri zitzaidan, eta zera esan zidan: 'Atsekabean lagun'. Harrituta gelditu nintzen, baina hark ikusten zuen astero joaten nintzela, familiakotzat ninduen. Gero, emakume hori bera bisitatzen nuen. Artatu nituen azkenak Zarauzko bi emakume izan ziren. Azkena hil zenari laguntzen zazpi urte eman nituen, eta egia esan, asko sentitu nuen hil zenean", kontatu du.

Nagusilanek artatzen dituen pertsonek "asko jasotzen dute", ziurtatu dute Zumaiako boluntarioek; hala ere, hartu-emana bi norabideetan gertatzen dela azpimarratu dute. Gainzak aipatu du "poza" ematen diola norbaiti laguntzen ari dela jakiteak, eta Elosua, halaber, harro agertu da "gizartearen alde zerbait egiten" ari dela sentitzen duelako.

Gainzak eta Uberak aurrez aurreko bisitak egiteari utzi zioten. Taldeko jarduerez arduratzen da orain Gainza, eta Zilarrezko Haria programan dabil Ubera buru-belarri. Zerbitzu hori eskatzen duen pertsona bakoitzari boluntario bat esleitzen dio Nagusilan orokorreko zuzendaritzak, eta hark astero telefonoz deitzen dio. Anonimotasun puntu bat gordetzen dute boluntarioaren eta adinekoaren artean –ez dute aurrez aurre elkar ezagutzen–, intimitatearen, konfidentzialtasunaren eta bi aldeen lasaitasunaren mesedetan, baina horrek ez du eragozten bien arteko konfiantza sortzea. Deitzaileek, gainera, Nagusilanek eskaintzen duen formakuntza jasotzen dute programan hasi aurretik, eta adinekoari konpainia egiteaz gain, osasunez ala animoz gaizki antzematen badute, Nagusilanera abisua pasatzen dute.

Bihar, sprinta

25. urteurreneko ospakizunetan murgilduta dabil asteon Zumaiako Nagusilan. Susmoa dute herritar askok ez duela elkartea ezagutzen; horregatik, egiten duten lana aurkezteko baliatzen ari dira urtemugako ekintzak. Biharkoa izango da urtemugako egitasmo nagusia: Zilarrezko Hariaren Dei Solidarioen Sprinta egingo dute 10:00etatik 14:00etara Alondegiko Oxford aretoan, eta urtean zehar eskaintzen duten zerbitzu hori ezagutzeko eta probatzeko aukera emango diete herritarrei. Hainbat herritar animatu da sprintean parte hartzera, hala deiak egiteko, nola jasotzeko. Deiak egingo dituztenen artean, besteak beste, kulturako, kiroletako, hezkuntzako, euskalgintzako edo hainbat eragiletako ordezkariak izango dira, eta telefonoaren beste aldean egongo dira, Zilarrezko Hariaren ohiko erabiltzaileez gain, esperientzia lehenengo aldiz probatzera animatu diren herritarrak.

Nagusilan herritar orori irekita dagoela gogoratu dute Ignacio Gainzak, Maria Luisa Uberak eta Jose Luis Elosuak; horregatik, elkartean boluntario gisa lagundu nahi dutenek, Nagusilanen zerbitzuak jasotzeko interesa dutenek edo informazio gehiago izan nahi dutenek nagusilanzumaia@gmail.com helbidera idatz dezaketela nabarmendu dute. Nagusilanen parte hartzea herrigintza egiteko modu bat dela aldarrikatu dute, eta gogorarazi dute, gaur ala bihar, edonork izan dezakeela telefonoaren bestaldean norbait egoteko beharra.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide