Berrikuntzekin abiatu dute zesta puntako San Pedro txapelketa

Juan Luis Romatet 2026ko ekainaren 1a

Atzo jokatu zituzten kinieletako parte hartzaileak. (Utzitakoa)

Kiniela formatuan jokatuko dute aurtengo txapelketa. Kimu, infantil, kadete eta neska kategoriatan izango dira lehiak, eta jardunaldiak igande arratsaldetan jokatuko dituzte Aitzuri frontoian. Atzo bertan nesken partidak jokatu zituzten.

Berrikuntzekin dator ekainaren 27a bitarte Zumaiako Aitzuri frontoian jokatuko dute zesta punta modalitateko San Pedro txapelketa. Izan ere, txapelketa kiniela modalitatean jokatzea erabaki dute jarduerako antolatzaileek. Kategoria bakoitzean, pilotari bakoitzak hamabi tantoko hiru kiniela jokatuko ditu, eta haien amaieran tanto gehien egin dituzten lehenengo bi aurrelariek eta bi atzelariek partida bat jokatuko dute finalean.

Lau kategoriatan jokatuko dute aurtengo txapelketa: mutiletan, kimu, infantil eta kadetetan; eta neskatan, kimuak eta infantil batera jardunaldi berean. Hala, atzo bertan hasi zuten txapelketa nesken arteko lehiarekin, eta datozen hiru asteburuetan jokatuko dituzte kinielak gainerako parte hartzaileek: ekainaren 7an kimu mutilek, ekainaren 14an infantil mutilek eta ekainaren 21ean infantil mutilek. Finalak, berriz, ekainaren 27an jokatuko dituzte. Aurreko jardunaldietan ez bezala, kinielak jokatuko dituztela, finaleko egunean kategoria bakoitzeko partidak jokatuko dituzte.

Bizkaiko, Gipuzkoako eta Nafarroako pilotariak bertaratuko dira ekainaren amaierara bitartean Zumaiara. Txapelketan arituko diren klubak honakoak izango dira: Hondarribia, Hormabi, Andoain, Tolosa, Mutriku, Bermeo, Noian, Durango eta Zumaia.

Nesken partidak

Atzo arratsaldean jokatu zuten txapelketako lehen jardunaldia, kimu eta infantil kategorietako nesken kinielekin, eta han erabaki zuten zer lau pilotarik jokatuko duten ekainaren 27an beren kategoriako finala. Zumaiako eskolatik June, Mia eta Annet aritu ziren, eta horietatik bik lortu zuten finalerako txartela. San Pedro egun bezperako finalean honako lau puntistak arituko dira: gerriko gorriz, June eta Irati, eta gerriko urdinarekin, Aia eta Annet.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide