Inpernupe kultur elkarteak herritarrekin batera ospatu nahi du 40. urtemuga

Onintza Lete Arrieta 2026ko ekainaren 1a

Atzo eguerdian talde argazkia atera zuten 40. urteurreneko egitaraua aurkeztu aurretik. (Sara Utrera)

Hilabete osoko egitaraua prestatu dute askotariko ekintzekin jantzita. Ostegun honetan abiatuko da, Olatz Dañobeitiak eta Maddi Altunak torturari buruz eskainiko duten hitzaldi batekin. Uztailaren 4an egingo dute ekitaldi nagusia. 

Inpernupe kultur elkarteak 40 urte bete ditu aurten, eta hura osatzen duen komunitateak herri osora zabaldu nahi du ospakizuna. Atzo eguerdian Inpernupe aurrean talde argazki jendetsua egin zuten, ondoren urteurreneko egitaraua aurkezteko. 

Askotariko ekintzak antolatu dituzte hilabete osorako, ekainaren 4an hasi eta uztailaren 4ra bitarte. Egun horretarako iragarri dute egun osoko festa, eta horrek emango dio amaiera egitarauari. 

Aurkezpenean nabarmendu zuten hasierako izaerari eusten diotela lau hamarkada geroago: "Gaur, sorreran nola, herriari irekitako eta herriari emandako proiektua da Inpernupe. Komunitate zabal baten bilgunea da. Nor bere baitara bilduta egon beharrean elkarrekin elkarrizketan jartzen gaituen espazioa da. Sormenerako, gozamenerako eta agitaziorako lekua da. Eta herritar askoren, gero eta gehiagoren, aterpea da".

Festa eta salaketa

Festari eta ospakizunari aldarria eta salaketa ozena ere erantsi diote antolatzaileek, ordea, Espainiako Auzitegi Nazionalak 2014an herriko tabernen kontra emandako epaiaren ondoren, behin-behinekotasun egoeran baitaude Inpernupe bezalako hainbat elkarte. "Ospakizunak aurten ere ezingo du guztiz betea izan. Gaur, 2026an, oraindik ere Damoklesen ezpatak, lapurretaren mehatxuak, Inpernuperen gainean jarraitzen du, baita Euskal Herriko beste dozenaka herriko taberna eta elkarteren gainean ere. Hala dago 2014an Espainiako Auzitegi Nazionalak herriko tabernen kontrako epaia eman zuenetik. Izan ere, behin-behinekotasun egoeran funtzionatzera eta epe motzera begirako aurreikuspenak egitera behartuta dago, halabeharrez, Inpernupe".

Egoera horren aurrean, komunitatearen indarra eta konpromisoa azpimarratu dituzte: "Inpernupeko bazkideek eta haren inguru zabalak osatutako komunitatearen konpromisoa, sendo jarraitzen duen eta zabaltzen ari den komunitate hori  izango da etorkizunean Inpernuperen bermerik onena". 

Komunitate hori "elkarrekin gorpuzteko momentua" da urteurren hau, "bagarela eta izango garela ospatzekoa". Horregatik, Inpernupeko bazkideei, erabiltzaileei eta, orokorrean, ezkertiar, feminista, abertzale eta euskaltzale orori dei egin diete Inpernuperen 40. urteurrenaren harira antolatutako ekitaldietan parte hartzera, eta "egindako bidea eta egingo duguna elkarrekin ospatzera".

Egitaraua

  • Ekainak 4, osteguna: Torturari eta jazarpen politikoari begira izeneko hitzaldia, 18:30ean, Olatz Dañobeitia eta Maddi Altunaren eskutik.
  • Ekainak 5, ostirala: 21:30ean, mus txapelketa.
  • Ekainak 13, larunbata:
    • 09:00etan, plaieroak Santio hondartzan. 
    • 15:30ean, poker txapelketa. 
  • Ekainak 19, ostirala: kontzertua D'Capricho taldearen eskutik (pintxo potea egongo da)
  • Ekainak 21, igandea: 13:00etan, bertso saioa Uxue Alberdi, Amets Arzallus, Oihana Bartra eta Jon Maiarekin. Gai jartzailea: Maddi Gallastegi.
  • Ekainak 27, larunbata: 12:00etan, Lierniren Omenezko II. Patata Tortilla Lehiaketa.
  • Uztailak 4, larunbata: egun osoan zehar, Inpernupek 40 urte, libre eta bizirik! festa. 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide