Omenaldi alaiena urterik ilunenean jaiotakoei

Onintza Lete Arrieta 2026ko maiatzaren 31

1936ko Gerra hasi zen urtean jaiotakoak omendu dituzte gaur Zumaiako Udalak eta herriko jubilatuen elkarteak Hogarrean. Urtero egiten diete aitortza 90 urte betetzen dituzten herritarrei, eta aurten, Reumak musika talde sortu berriak egin die harrera. 

Meza nagusira joan dira batzuk; zuzenean Hogarrera, beste batzuk. Aurten 26 zumaiarrek bete dituzte 90 urte, eta horiek denak Hogarrean elkartu dira eguerdian, Zumaiako Udalaren eta herriko jubilatuen elkartearen aitortza xumea jasotzeko. 

Urte ilunean, zailean, jaio zirela gogorarazi die Iñaki Ostolaza alkateak, 1936an lehertu baitzen Espainiako Gerra. Halabeharrez "larre motzean" hazitakoak direla esan die, eta askok erbestea ezagutu beharra izan zutela, gerran ez bazen, gerraondo gogorrean edo frankismoan. "Nire aitaginarrebak Frantziara ihes egin behar izan zuen, eta zuetako asko, zuen herrietatik Zumaiara etorri zineten bizitza aurrera ateratzeko aukeren bila", esan die alkateak Espainiatik Euskal Herrira etorritakoei. Horregatik, azpimarratu du 90 urte bete dituzten horiek belaunaldi berriei historiaren garai hori azaltzeko aukera dutela, eta hori aprobetxatu beharra dagoela iritzi dio. Hala esan du: "Zuen garaian gertatutakoa errepika ez dadin, berriro ez dadin xenofobia gailendu". 

Urte ilunean jaio ziren aurten omendu dituzten herritarrak, bai, eta agian horregatik, inoizko omenaldi alaiena izan da aurtengoa, Reumak musika talde sortu berriarekin kalejiran iritsi baitira omenduak aitortza ekitaldira. Musikariek pasilloa egin diete, eta Ikusi mendizaleak jotzen zuten bitartean sartu dira tabernara banan-banan; gehienei irribarre ederra ateratzea lortu dute. 

Ekitaldian jubilatuen elkarteko ordezkari batek ere hartu du hitza, eta ondoren, beti bezala, omenduek lore sorta eta oparitxo bana jaso dute. Musika saio batekin eta hamaiketakoa eginez amaitu dute aurtengo omenaldia. 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide