Mende erdi olatu erraldoien nahiz ezezagunen ehizean

Mireia Galarza Bastida 2026ko maiatzaren 29a

Butt eta Hilario, asteazkeneko hitzaldian. (Mireia Galarza Bastida)

Tony Butt ozeanografo, surflari eta ingurumen aktibistak hitzaldia eskaini zuen asteazkenean Aita Marin. Olatuez ez ezik, ozeanoez eta klimaz ere mintzatu zen.

Geo Talks zikloaren barruan, surfa eta zientzia izan zituzten hizpide asteazken arratsaldean Zumaiako Aita Mari aretoan. Bertara ez zuten edonolako hizlaria gonbidatu, Tony Butt ozeanografo, surflari eta ingurumen aktibista britainiarra baizik. Euskal Herrian bizitakoa, egun Asturiasen (Espainia) bizi da. 90eko hamarkadan lehenengoetakoa izan zen olatu handiak surfeatzen, baita ohiko olatuak surfeatzetik atera eta berriak bilatzen ere. "Mundu guztian ibilitakoa da, eta hori da bere marka, nolabait esateko. Horregatik da erreferentea askorentzat", esan zuen Buttekin solasean aritu zen Asier Hilario Geoparkeko zuzendari zientifikoak. Butt surfeatzen erakusten zuen bideo batekin hasi zuten ekitaldia: "Asturiasko olatu bat da. Sei urte igaro nituen hura aztertzen, 2003tik 2009ra. Ez bakarrik Asturiasen bizi naizenetik, Sopelan [Bizkaia] nengoenean ere hara joaten nintzen. Olatu berezia da, ez delako erraza hura hartzea, korronteengatik. Horregatik, oso jende gutxik egin du surfa hor", azaldu zuen ozeanografoak.

Azalpen horri tiraka, ohiko olatuetatik aldentzeko joera noiztik duen galdetu zion Butti Hilariok. Britainiarraren arabera, 70eko eta 80ko hamarkadetan surfa, Britainia Handian, behintzat, "oso lehiakorra" zen, eta gainera, gero eta jende gehiagok praktikatzen zuen kirola bihurtzen hasi zen. "Deserosotasun" horretan hasi zen Butt alternatibak bilatzen, eta orduan egin zuen topo Meñakozeko (Barrika, Bizkaia) olatuarekin. "Ibiltzen zen jendea, baina oso gutxi, eta paradisua zen leku hura", esan zuen. "Jendeak esaten zidan beldurra pasatuko nuela, baina konturatu nintzen ezetz, pixkanaka-pixkanaka joanez gero, behintzat". Olatu handiak zer neurritatik aurrera kontsideratzen diren ere galdetu zion Hilariok, eta erantzuna "tranpatia" izan daitekeela erantzun zuen Buttek: "Bakoitzaren araberakoa da hori, baina taulatik erortzea ez zaizula komeni pentsatzen hasten zarenean... Orduan izan daiteke handia".

Surfaren bilakaera

Surfak azken urteetan izan duen bilakaerari buruz ere mintzatu ziren asteazkenean. Butten aburuz, "lasaitasuna galdu" da surfa egiterakoan, gero eta jende gehiagok egiten duelako kirol hori. Kontrara, alderdi positiboak ere aurkitu ditu Buttek. Nagusiena, kirol horren inguruko "aniztasuna", batez ere surfaren kultura gehiago errotuta dagoen lekuetan: "Hainbat belaunaldi ikus daitezke uretan, eta kirol diziplinak ere asko dira: bodyboarda, bodysurfa, taula handiekin egiten dena...".

"Korronteek eta olatuek zuzenean erregulatzen dute munduko klima"

Buttek gehien gustatzen zaizkion olatuei buruz ere eman zituen azalpenak Aita Mariko solasaldian. Mundu osoko hainbat aipatu zituen, hala nola Hego Afrikakoak edo Perukoak, eta Euskal Herrikoak ere bai. "Meñakoz da lehenengoa, urte asko egon nintzen olatu horiekin itxututa. Bigarrena, berriz, Getariako (Lapurdi) Avalanche olatua litzateke; hara joaten nintzen Meñakozeko olatuak oso handiak zirenean. Gainera, ni ibiltzen nintzen garaian oso jende gutxi ibiltzen zen han, eta zoragarria zen hori", kontatu du. Zumaiako Orroagako olatuak ere aipatu zituen Hilariok, eta bertako irudi batzuk ikusi ostean, zera gehitu zuen Buttek: "Ez dut ohiturarik izan han sartzeko, baita irudiak ikusita, gogoa ematen du".

Olatuen zientzia

Olatuen ikuspegi zientifikoa izan zen solasaldiko beste ardatzetako bat, gai hori asko landutakoa baita Butt hainbat liburutan. Ozeanografoak kontatu zuen Atlantikoaren iparraldean sortzen diren ekaitzek, haizearen eraginarekin batera, eratzen dituztela olatuak, eta kostara iristen direla horiek gero, "egun eta erdi eta hiru egunera bitartean".

"Lasaitasuna galdu eta aniztasuna irabazi du surfak azken urteetan"

Olatuak alde batera utzi eta fokua zabalduta, itsasoei eta ozeanoei ere eskaini zieten denbora asteazkenean. Abiapuntu gisa, Buttek azaldu zuen munduko ur guztia dela Lurrean sortzen den beroa biltzen duena. Urik ezean, Lurra "askoz azkarrago" hoztuko eta berotuko litzateke, beraz. Ur korronteek duten garrantzian ere egin zuen azpimarra: "Ur korronteek zuzenean erregulatzen dute klima, eta aldaketa klimatikoak eragindako tenperatura igoerarekin ikusten ari gara korronte horietako batzuk aldatzen ari direla. Adibideetako bat da AMOC [Atlantic Meridional Overturning Circulation], Mexikoko Golkotik sortzen dena. Leku horretako ura oso gazia da eta, beraz, dentsitate handiagoa du. Handik Groelandia aldera doa korrontea, non ura ez den hain gazia; eta, beraz, hasierako ur hori bestearen azpira doa. Orain, Ipar Poloko izotza urtzen ari denez, itsasora ur geza ari da iristen, eta horrek uraren gazitasuna eta dentsitatea murrizten ditu. Horrenbestez, ez da behera mugitzen, eta horrek ohiko klima aldatzea dakar".

Ozeanoetako beste arazo bat ere jarri zuten mahai gainean: gizakiaren eraginez horietan pilatzen ari den plastikoa. Buttentzat, "garrantzitsua" da dagoen plastikoa jasotzea, baina are garrantzitsuagoa da gehiago ez pilatzea: "Norberaren esku dago kontsumo ohiturei erreparatzea. Aldi berean, hori mugatzen duten legeak sortu behar dira. Behetik gora eta goitik behera eragin behar da, aldaketak egon daitezen".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide